Pazkoak 2015 Bergaran

Pintzel eta amantalekin plazara

Naroa Odriozola 2015ko mai. 18a, 12:02

Maiatzaren 23an haur eta gazteen 35. Simon Arrieta Plastika Sariketa jokatuko da

Bergaran margotzeko zaletasun handia dago. Hogeita hamabost urte pasatu dira lehendabiziko Simon Arrieta Plastika Sariketa egin zenetik, eta, denbora luzea bada ere, urtero haur eta gazteak plazara hurbiltzen dira pintatzeko prest.

Aurten ere, ohitura ez galtzeko, pintzel eta amantalak gertu edukiko dituzte herriko artista gaztetxoek; haur eta gazteen Simon Arrieta Plastika Sariketa egingo dute Pazkoetako zapatuan. Sariketak Beart Bergarako arte elkartearen laguntza izango du, eta, esan bezala, aurtengoa 35. edizioa izango da.

Hiru taldetan banatuta

9 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek hiru taldetan banaturik hartuko dute parte lehiaketan: batetik, 9 urtez azpikoak; bestetik, bigarren taldea 9, 10 eta 11 urtekoek osatuko dute; eta, azkenik, 12, 13 eta 14 urtekoak hirugarren taldean egongo dira.

Parte hartu nahi duten artistek marrazkian, pinturan edo moldeatuan (plastilinarekin) egin ahalko dituzte euren lanak.

Lanen gaiek Pazkoekin zerikusia izan beharko dute: Bitorianatxo, erraldoi konpartsak, barrakak, kalejira, sukaldaritza, zezen edo bigantxen ekitaldiak, eta abar.

Mihiseko lanak, baloratuak

Lanak mihise edo lientzoan egitea baloratuko dute. Gainera, Beartek parte hartzaileak mihisean marraztera animatzen ditu. Horretarako, elkarteko kaballeteak erabili ahal izango dituzte, eta pinturak eta mihiseak ere haur eta gazteentzako eskuragarri egongo dira.

Marrazki-espezialitateko partaideei bertan emango dizkiete laminak eta arkatzak. Hori bai, antolatzaileek parte-hartzaileei amantala eramatea gomendatzen diete.

Goizean goizetik, plazan

10:00etatik 11:00etara mihise eta laminen zigilatzea egingo dute herriko plazan. Gainera, haur eta gazteek bertan (San Martin plazan) egin beharko dituzte lanak eta 12:30ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte.

Epaimahaiari dagokionez, antolatzaileek izendatuko dute, baina Beart Bergarako artisten elkarteko kideek osatuko dute. Aurkeztutako lanen teknika eta sormena baloratuko dute. Honela, epaimahaiak sariak eman gabe utz ditzake eta sari horiek beste talde batera pasa.

Sari banaketa egunean bertan

13:30ean egingo dute sari banaketa, San Martin plazan, eta irabazleek Bergarako komertzioetan gastatzeko bonuak jasoko dituzte. Talde bakoitzeko bost sari egongo dira eta taldearen arabera bonuaren balioa desberdina izango da. Horrela, lehenengo taldeko irabazleek 10 euroko balioa duten bonuak jasoko dituzte, bigarren taldekoek 20 euroko bonuak eta hirugarren taldekoek 30 eurokoak.

Urtero parte-hartzaile asko

Simon Arrieta Plastika Sariketa hasi zenetik, asko izan dira parte hartu duten haur eta gazteak, eta esperientzia urtero errepikatzen dutenak ere badira batzuk.

Aurreko urtean, adibidez, guztira, 71 haur eta gaztek hartu zuten parte Simon Arrieta plastika sariketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak