Pazkoak 2015 Bergaran

'Dirt jump' eta trialsin erakustaldia, Bergarako jaietan

Naroa Odriozola 2015ko mai. 18a, 11:43

Bizikleta gainean salto eta bira erakustaldia zuzenean ikusteko aukera izango da, Funbox Factory taldearen eskutik, maiatzaren 23an, 17:30ean, epaitegi aurreko plazan.

Bizikleta gainean egiten diren kirolen artean daude dirt jump eta trialsin modalitateak. Gehienontzat entzutez nahiko ezezagunak badira ere, edonork ikusi ditu nonbait modalitate horietako probak behin edo behin.

bietan bizikleta erabiltzen da, baina bakoitzean gauza desberdinak egiten dira. Dirt jump modalitatea bizikleta gainean saltoak egin bitartean airean irudi akrobatikoak eta itzulipurdiak egitean datza. Noski, ez du edozein bizikletak balio; propio kirol horretarako prestatutako mendiko bizikleta behar da. Trialsin modalitatean, aldiz, bizikleta gainean mota askotako oztopoak gainditzea da helburua. Bizikletaren gurpila izan ezik, inolako beste osagarririk ukitu gabe ibili behar da.

Oso kirol gogorrak dira. "Batez ere, akatsen bat eginez gero mina hartzen dugulako. Horregatik, oso argi izan behar dugu zer egiten ari garen", dio Martxel Arribillagak, birritan dirt jump-eko Espainiako txapelduna izandakoak. Arribillagak 10 urte daramatza dirt jump munduan eta sei urte profesional moduan.

Duela bi urte sortu zuten Funbox Factory taldea eta pixkanaka handitzen doa. Bergarako erakustaldia egiteko taldeko bost partaide etorriko dira. "Euskal Herriko txirrindulari onenetakoak", dio Arribillagak. Gainera, Espainia mailan lehenengo hamar txirrindularien artean daude. Arribillaga bera mundu mailan lehiatzen ari da eta aurten, gainera, Ameriketan ibili da horrelako probetan parte hartzen. Bergaran izango diren trialsineko txirrindulariak ere Euskal Herriko txapeldunak izandakoak dira. Erakustaldian, saltoak, jauziak, akrobaziak, itzulipurdiak... izango dira.

Astean lau aldiz aritzen dira saltoka modalitate horietako kirolariak, eta gimnasioan ere ordu batzuk egiten dituzte. Arribillagaren ustez: "Ariketarik onena behin eta berriz saiatzea da, nahi duzun saltoa lortu arte. Kontzentrazio handia behar dela dio; izan ere, ezusteko asko izan dituzte dirt jump nahiz trialsineko kirolariek. "Denok daukagu gorputza aurreko erorketen markaz beteta, baina hau da gustuko duguna".

Entrenatzeko lekuari dagokionez, "Beran Indarri izeneko pabilioi batean" egoten dira neguan, eta udan, aldiz, Irrisarri Land Nafarroako abentura parkean aritzen dira bizikletekin salto eta jauziak egiten.

Txapelketetan gehien arriskatzen duenak irabazten du. Hain zuzen, ikusleek jauziak ikustean duten erreakzioaz galdetuta, argi dauka Arribillagak: "Erakustaldi on bat egiten dugunean, jendearen lilura aurpegia ikusteak ez du preziorik guretzako". Horrenbestez, ikuskizuna ziurtatuta dago.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak