Pazkoak 2015 Bergaran

Etxeko txikienek Pazkoez gozatzeko proposamen ugari

Naroa Odriozola 2015ko mai. 18a, 11:08

Potolo dator aurtengo Pazkoetako egitaraua, eta etxeko txikienak asper ez daitezen aukera zabala dago; barrakak, jolasparkea, puzgarriak, apar festa... Baina aurten, gainera, egitarauak pare bat berritasun dakartza: umeentzako parrillada eta erromeria.

Txupinazoak eta Bitorianatxoren jaitsierak egundoko giroa jarriko dute. Guztiok pozik ibiliko dira Pazkoetako blusekin gora eta behera eta alde batetik bestera. Jaiei ongietorria eman ondoren, etxeko txikienek zein gurasoek, 20:30ean, Oxirondon parrillada goxoa izango dute aukeran. Oxirondo Aisialdi Guneko gurasoek antolatutako parrillada izango da, eta guztion artean, auzolanean, egindakoa. Hau da, eginkizunaren arabera-mahaiak zerbitzatu, jaso, hondakinak batu...- kolore desberdineko txartelak egongo dira salgai. Txartelak 6 eurotan daude salgai azokako postuetan.

Guztia jaso ondoren eta sabela ondo beteta dutela, haur eta gaztetxoek Sardina Freskue erromeriaz gozatzeko aukera izango dute Oxirondon bertan. 21:00etan hasiko da Eidabe talde bilbotarraren ikuskizuna eta ordu eta laurdeneko iraupena izango du.

Sardina Freskue jolasa, parranda eta dantza da, eta, itsasoko antzinako euskal kantak erabilita, gaztetxoen parte hartzea du helburu. Antzerki dinamiko horrek kolore ugariz betetako sardina baten istorioa kontatzen du. kostaldeko herri batean azaldutako sardinaren istorioa, hain zuzen ere. Sardinak alaitasuna, aniztasuna eta zoriontasuna ekartzen ditu herrira, eta, horregatik, herriko haurrak sardinaren bila hasiko dira. Topatuko dute?

Atzamarrak gurutzatu beharko dira eguraldiak lagun dezan Pazkoetan, baina, guardasola atera behar izanez gero, parrilladak eta erromeriak leku aldaketa izango dute. Parrillada Oxirondoko azoka barruan egingo da eta Sardina Freskue erromeria, ostera, Seminarioko karpan.

Parrilladaz eta erromeriaz gain, gaztetxoek badituzte hitzordu gehiago. Besteak beste, maiatzaren 24an, 11:00etatik 14:30era, gora eta behera ibiltzeko puzgarri eta jolasak izango dituzte San Martin plazan. Gainera, maiatzaren 26an, umeen eta helduen eguna ospatuko da, eta, jolasparkea izateaz gain, barrakek prezio murriztua izango dute.

Jolasparkean, goizean eta arratsaldean izango dute haurrek saltoka eta jiraka ibiltzeko aukera. Ipintza II-ko patioan egongo da kokatuta jolasparkea eta puzgarriak, jumping-a, bolen igerilekua, zezen mekanikoa eta giza mahai-futbola izango dira bertan. Ordutegia honako hau izango da: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00.

Urtero bezala, barrakak Poligonoko aparkalekuan egongo dira. Bidaia bakoitza 2 euro kostatuko da. Barrakek deskontu berezia izango dute umeen eta helduen egunean, 25ean goizean eta 27an eta 31n, berriz, egun osoz. Egun horietan erdi prezioan egongo dira. Hau da, euro bat kostatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak