Pazkoak 2015 Bergaran

Pazkoak, hiru bergarar ezagunen ikuspuntutik

Naroa Odriozola 2015ko mai. 18a, 11:09

Pentekoste jaiak lehen eta orain: oroitzapenak, istorioak, ohiturak...

Aspalditik ospatzen dira Pentekoste jaiak Bergaran. Urteek aurrera egin ahala, ohitura batzuk mantendu eta beste hainbat desagertzen joan dira.

Gizartearekin batera, Pazkoetako egitarauak ere aldaketak izan ditu denboran zehar, eta bergarar askok, atzera begiratzean, nostalgia apur batekin gogoraraziko dituzte Pazkoak. Baina zertan aldatu dira Pentekoste jaiak?

Ezagunekin, Pazkoez

Bada, nagusienek bizi izandako garaiak gogora ekartzeko eta gazteenei Pazkoak nolakoak ziren azaltzeko, hiru bergarar ezagunek -Mikel Laskurain aktorea, Mari Carmen Gallastegi ekonomilaria eta Miguel Lazpiur enpresaria- Pazko jaien inguruan dituzten oroitzapenak azalduko dituzte.

Hirurok dituzten Pentekoste jaietako istorio asko kontatzeko, eta, gainera, garaiaren araberako gizarte-egoeraren ondorioz, bakoitzak modu desberdinean bizi izan ditu Pazkoak.

Edozelan ere, aktoreak, ekonomialariak eta enpresariak bat egiten dute: Pazkoak aldatu egiten dira.

 

MIKEL LASKURAIN  AKTOREA

"Gauza asko aldatu diren moduan, jaiak ere aldatu egin dira"

Oso jaizalea izan da beti Mikel Laskurain aktorea, eta "topera" bizi izan ditu Pazkoak. Bada, kontatzeko abenturak ez zaizkio falta, eta, horien artean: "Sekula ahaztuko ez dudan bat. Gaupasa egin, eta, goizean Felix Beitia mangerarekin kalea garbitzen zegoela, gu hura zirikatzen hasi ginen eta hark mangera jaso eta goitik behera busti gintuen".

Martitzean Kuadrillen Eguna ospatzen zen, eta, Espoloian bazkaldu ondoren, beheko estaziora joaten ziren, "barraketara, autotxokeetan ibiltzera". Gustura ibiltzen ziren, eta, hain zuzen ere, Laskurainek horren "oroitzapen ona" dauka.

Pazkoetan ezagun diren brusengatik galdetuta, kuadrillan asko eduki dituztela dio aktoreak. Lehenengoak praka arrosak zituen; "Beste oihalik lortzerik ez genuen izan, eta arrosak dohainik eskuratu genituen".

Egan taldearekin dantzan

"Jaiak herri guztietan aldatu  dira, gauza asko aldatu diren moduan". Izan ere, Laskurainen ustez, komertzioa eta taberna giroa ere aldatu dira. "Lehen, jaietan, ordu batzuetan ezin izaten zen Bidekurutzeta kaletik jendez kontra ibili"; izan ere, "inguruko herrietatik jende asko" etortzen zen.

Domeka gauean ere jende ugari ibiltzen zen Egan taldearen kontzertua ikusten: "Egan taldearekin egin genituen guk gure lehenengo dantza lotuak".

Aurten, Pazkoetan lanera

Urte askotan egubakoitzetik martitzenera etorri izan da Laskurain, eta "aurten lanera ere" etorriko da, domekan antzerkia egingo du-eta. Orain egunez gehiago irteten dela dio, eta "ez hain luze".

 

MARI CARMEN GALLASTEGI  EKONOMIALARIA

"Bi hilabete lehenago, urduritasunez, jaiekin amesten genuen"

Garai haietan "bizitza latzagoa zen"; izan ere, zapatu eta domeketan ere etxetik eskolara eta eskolatik etxera ibiltzen zirela dio Mari Carmen Gallastegik. Ez zeuden aukera asko musika entzun, uniformea erantzi eta beste era batera jantzi edota lagunekin egoteko. "Horregatik, bi hilabete lehenago jaiekin amesten genuen jada".

Gozatzeko aukera

"Egungo Pazkoak beste mundu bat dira , eta, gure garaikoekin alderatuta, gureak estimatzen ditut, asko disfrutatzen genuelako; izan ere, ongi pasatzeko genuen aukera bakarra zen".

Orain ere etortzen da jaietan, eta gustuko du "jendea pozik ikustea".

 

MIGUEL LAZPIUR  ENPRESARIA

"Pazkoetan egiten ziren gauza asko desagertu egin dira, eta pena da"

Pazkoak ilusio handiz bizi izaten zituztela dio Miguel Lazpiurrek, "urteko jairik onenak" ziren-eta. Umetan zapatua oso egun polita izaten zen enpresariarentzat. "Erraldoi eta buruhandiekin hasten zen eguna. Orduko erraldoiak Mari Katalin eta Joxe Bixente ziren, eta haiekin irteten ginen kalera". Txistularien laguntzarekin kalejira egiten zuten, eta, ondoren, barrakak hasten ziren martxan. Zapatu gaueko euskal dantzen jaialdia ere gogoan dauka Lazpiurrek.

Gero, gazte denborara egin du salto: "Kirolak asko gustatzen zitzaizkigun eta guk ere jaietan gehiago parte hartzen genuen". Sokamuturra bukatzen zenean, kalejiran joaten ziren elizara, alkate, zinegotzi eta udal banda eta guzti, eta horrek "giro ederra sortzen zuen herrian".

Arratsaldean oso pilota partidu onak egoten ziren. "Gaueko dantzaldira ere joaten ginen, baina ez ginen oso berandu etxeratzen".

Pazkoez desberdin gozatzen

Orain, guztiz desberdina da Lazpiurrendako. "Jaialdiren bat edo kirol ikuskizunen bat baldin badago disfrutatzen dut, baina lehen egiten ziren gauza asko desagertu egin dira".

Gainera, duela urte batzuk Pazkoetan bergarako kaleak "ibili ezin" egoten zirela dio Lazpiurrek. Orain, kanpora joaten da jende asko.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak