Taularen gainean, hogei lagun izango dira, gorrak dira guztiak. Askotariko piezekin osatutakoa da bihar Zabalotegin erakutsiko duten ikuskizuna. Lau taldetan banatuta, bata bestearen segidan, poesia, clown, antzerkia eta mimo saio bana egingo dute. Aipatutakoez gainera, Manos K Rien taldekoek egindako bi film labur ere eskainiko dituzte ikuskizuna borobiltzeko: Mafia eta Nunca te olvidaré. Azken horrek, aktore onenaren saria eskuratu zuen iazko Badalonako film laburren jaialdian. Iaz izan ziren lehenekoz Bergaran, eta izan zuten harrera ona gogoan, gogotsu datozela diote donostiarrek.