Partidu aurretik etxeko zaleen aurrean huts egiteko beldur zen Bergarakoa, baina partidu ostera arte ez zuen halakorik aitortu. Izan ere, Aspek partidua Bergaran antolatzeak ez zion grazia handiegirik egin: "Bergaran jokatu nuen azken partiduan kale egin nuen, eta ostera ere horrelako zerbait gertatzeko beldur nintzen".
Kontrara, baina, inoiz baino patxada handiagoa erakutsi zuen kantxan, horrenbesteko garrantzia ematen zion beroketa saioan sentsazio onak izan zituen, eta botilleroari ere horixe aitortu zion, ondo sentitzen zela. Minutu gutxi batzuk geroago kantxan berretsi zuen hori, Ives Xalaberrik ezer gutxi egin ahal izan zuen-eta (22-14).
Irujo estutzeko asmoz
Iberoko aurrelariak dagoeneko tente izango ditu belarriak. Pilotari moduan gaur egun ezin dira alderatu Xala eta Irujo, baina Bergarakoa "gerra" apur bat emateko asmoz kantxaratuko da domekan [17:00] Astelena pilotalekura: "Dagoeneko entrenatu dut Irujorekin, eta sentsazio onak izan nituen, gustura ibili nintzen. Irujo, baina, beste maila bateko pilotaria da, eta Xalaren kontrakoa baino partidu hobea egin beharko dut hura ezustean harrapatzeko".
Etxanizek berak aitortu zuen Irujorendako kontrario deserosoa dela Rezusta, pilotari ematen dion abiaduragatik, jotzen dion moduagatik. Buruz Burukoan debuta egin berri, baina, Rezustak egin ditu etxerako lanak, eta domekakoa oparia izango da.