Erlojuaren kontrako borrokaz hasiko dute Gipuzkoako Emakumezkoen Itzulia, Bergaran

Xabier Urtzelai 2015ko mai. 14a, 10:15

Iazko erlojupekoko une batean, txirrindularia irteera puntuan. | goiena

Bihotzak estutzeko tarte txikia izango dute bihar, egubakoitza, Gipuzkoako Emakumeen Itzulian parte hartu behar duten ziklistek [17:00etan aurkezpenak San Martin plazan, 18:30ean lasterketa hasiera]. Itzuliak hiru etapa izango ditu, eta atariko proba erlojupekoa izango da: motza, azkarra eta teknikoa. Hala, ondo berotu ostean ziklistek ia bi kilometro izango dituzte daukaten onena emateko, Agorrosinen hasi eta San Martin plazan amaituko den zirkuituan.

Eta hori guztia bergararren txalo artean: "Iaz oso gustura geratu ginen erlojupekoaz, eta aurten gauza bera egitea erabaki dugu", adierazi du aste barruan Jon Unamunok, Lokatza Ziklismo Eskolako presidenteak. 

Hala, distantzia horretan zaila da sailkapenean abantaila handiak lortzea: "Baina askotan erabakigarriak izaten dira, Bergaran lortzen diren segundoak defendatzen ahaleginduko direlako txirrindulariak zapatuko eta domekako etapetan. Hain zuzen, iaz Leire Olaberria irabazleak egin zuen moduan". 

Hiru etapa guztira 

Bergarako etaparen ostean txirrindulariek Tolosan jokatuko dute bigarren etapa, zapatuan, 83 kilometroko lasterketarekin –kadeteek 33 kilometro egingo dituzte. Eta, domekan erabakiko da Itzulia, Villabona eta Zizurkil artean antolatu duten 82 kilometroko etaparekin –kadeteendako 30 kilometro izango dira. 

Iaz azpimarratzekoa izan zen ziklista euskaldunek erakutsitako maila ona. Elitean Leire Olaberria ikaztegietarra izan zen onena, gazte mailan Eider Unanue zumaiarra, eta kadetetan Maddi Amondarain bigarren izan zen.

Herri barruko zirkulazioan aldaketak

Erlojupekoa ondo antolatu ahal izateko hainbat aldaketa izango dira egubakoitz arratsaldean Bergarako kaleetan. Artekale kalea zirkulaziora zabalik egongo da, baina Matxiategiko irteera itxi egingo dute eta automobilek Zurraderotik irten beharko dute. Lasterketa Leizaria, Madura, Subiera, Fraizkozuri, Herrilagunak, Domingo Irala, Irizar eta Barrenkaletik igaroko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak