Guztira, 74 pilotuk eman dute izena Gorlako errepidean autoa astintzeko. Horietatik hamabost bat debagoiendarrak dira. Antolatzaileek, baina, bi izen azpimarratu dituzte guztien gainetik: 1 eta 2 zenbakiekin parte hartuko duten Aitor Zabaleta eta Markel Cestafe bergararrak.
Gorlako errepidea 14:00etan itxiko dute, eta 15:00etan hasiko dituzte entrenamendu-saioak.
Segurtasun neurriak
Antolatzaileek prest dute guztia biharko. Bi eskaera egin dituzte: segurtasun neurriengatik lasterketako komisarioen aginduak betetzea eta ingurunea garbi uztea. "Ikusleak non egon daitezkeen ondo adieraziko dugu. Segurtasuna ezinbestekoa da halako probetan, eta zaindu egin behar da. Era berean, nork bere zaborra etxera eramatea eskatzen dugu, edo bestela zaborrontzietara botatzea", dio Zabaletak.
Datorren urtean 25.a
Datorren urtean 25. igoera egingo dute, eta badute zerbait berezia egiteko asmoa. "Gorlako Igoera mitikoa da. 24 urteko bidea egin du, eta pilotuendako oso kuttuna da. Datorren urtean ospatuko dugu behar den moduan", esan dute antolatzaileek.