"Honek gurago du Xalak irabaztea", dio Beñat Rezustak bere kirol zuzendariagatik, brometan, eta Etxanizek barre egiten du: "Bestela, badakizu zer den beste astebetez Beñat aguantatzea? Xalak bakarrik entrenatzen du, eta lan gutxiago ematen dit", dio barrez. Umore ona tanto batetik besterako hutsarteetan, baina pilota dantzan hasten denean ez dago oparirik, ez dago errukirik.
Lansaioa amaitzear dago, eta gogotik izerditu dute Mendizabalek eta Rezustak. Bero egiten du munizipalean eta ordubete pasa daramate horma beltza zigortzen. Mendizabal sparring lanetan dabil, baina Antzuolakoari ere ederki datorkio entrenamendu saioa, asteburuan atsedena badu ere bigarren mailako txapelketan murgilduta dagoelako. Beñatendako, ostera, asteko azken lansaio gogorra izan da, astelehenean gimnasioan egindako lan karga hanketan sumatzen du oraindik, eta gaurko pilota aukeraketatik hasita, intentsitatea jaisten joango da, egubakoitzera arte.
"Atzean jokatzea komeni zait"
Entrenatzen den moduan jokatzen dela diote dakitenek, eta martitzenekoa saio polita izan da. Beñatek abiadura ematen dio pilotari eta atzeko koadroetaraino bidaltzen du erraz. Han zigortzen du Mendizabal, eta kontrara, aurrean azkar dabil aurrelari antzuolarra. Bada, egubakoitzeko partiduaren aurrerapena izan daiteke. Mendizabal atzean zigortu duen moduan zigortu behar du Yves Xala: "Aurrealdean haren jokoan sartzen banaiz arazoak izango ditut, oso pilotari trebea delako hor. Atzean jokatzea komeni zait, eta erabakigarria izango da, baita ere, hasieratik partiduan sartzea".
Etxaniz zuzenketa batzuk egiten.
Joan den astean Jon Ander Albisurekin kosta egin zitzaion partiduan sartzea, eta konturatu orduko 6-1 zen atzetik. Lekuinekoak ez dio halako abantailari buelta emateko horrenbeste aukera emango: "Hasieratik partiduan sartuta ez zara konturatzen zein dagoen harmailetan, edo zer dioten zaleek. Baina, txarto hasiz gero detaile txikienak ere eragina izaten du pilotariarengan". Eta hori dio Bergarakoak, harmailetan aurpegi ezagun asko izango dituelako: "Etxekoak, lagunak... jende asko dabil sarrerengatik galdezka. Bai, etxean jokatzeak baditu bere abantailak, baina normalean baino urduriago egoteko motiboak ere ematen ditu". Hala ere, txapelketako lehenengo kanporaketa gainditzeak presio handia kendu diola ere aitortu du bergarrak.
Mendizabal sakea egiteko gertu.
Sarrerak, klubaren esku
Egubakoitzerako jaialdirako aurre-sarrerak Bergarako klubaren esku daude, eta aurrez erosteko deialdia egin dute klubetik: "Izan ere, aurrez saltzen ditugun sarreren %10a klubarendako izango da". Hala, beheko jarlekuengatik 30 euro ordaindu beharko dira, eta 15 goiko jarlekuengatik. Eta, aurrez erosiz gero 5 euroko deskontua egongo da. Aurrez erosteko eguaztenean, eguenean eta egubakoitzean txarteldegia zabalik egongo da, 19:00etatik 20:30era. Eta, egubakoitzean 20:30etik aurrera deskontua egiteko aukera galduko da, 22:00ak arte. Hala, klubetik sarrerak gordetzeko aukera ere ematen dute, 688 614 011 zenbakira deituta.
Lansaioa amaituta, Rezusta atseden hartzen.