Baionako margolarien erakusketa hasi da lehen bisitariak hartzen

Herritar bat gaur, domeka, goizean erakusketako lanak ikusten.

Galeri des Corsaries elkartekoen koadro eta eskulturek hartu dute Bergarako Aroztegi aretoa. Barikutik dago zabalik eta halaxe egongo da maiatzaren 17ra arte. Bergarako Beart elkarteko kideekin duten harremanaren ondorioz etorri dira baionarrak. Bergarakoek ekainean itzuliko diete bisita.

Duela bi urte, 2013ko apirilean, Baionan egin zen sketchcrawl-ean izan zuten lehen hartu-emana Beartekoek eta Galerie de Corsaires, Baionako kortsarioak, elkarteko kideek. Orduz geroztik bi taldeen arteko harremana sakontzen joan da eta horren fruitua da  Bergarako Udalak antolatuta, Aroztegi aretoan zabaldu duten erakusketa, Baionakoen artelanez osatuta dagoena.

Margolanak, eta gehiago

Galerie des Corsaires galerian euren lanak erakusteko aukera izaten dute elkarteko kideek, baina bestelako artistei ere zabalik dago. Gaur egun, esaterako, artista kubatarrak ari dira gonbidatzen eta Bergarakoa bezalako erakusketa kolektiboetan ere parte hartzen dute.

Hala, Aroztegi aretoan, elkarteko kide diren Andre Goupillen, Claude Jammaertsen, MICAren, Julia Ratsimandresen eta Michel Chaloten koadroak erakutsiko dituzte, denak ere askotariko estilo eta teknikak erabiliz egindakoak. Horiez guztiez gain, Kubako Oscar Lasseria, Jose Horruitiener eta Nicolas Camue margolarien lanek eta Xiomara Gutierrezen eta Duniesky Loraren eskulturek ere osatzen dute erakusketa.

Asteartetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era bisitatu ahalko da; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.