Beñat Rezusta bergararrak garaipenaz egin du debuta

Monika Belastegi Aranzabal 2015ko mai. 1a, 20:44
Beñat Rezusta gaur, barikua, Buruz Buruko debutean.

Atzelari bergararrak sekulako estreinaldia egin du Buruz Buruko txapelketan. 22 eta 16 irabazi dio Jon Ander Albisu ataundarrari Zumarragako Beloki pilotalekuan. Pozik azaldu da Rezusta egindako lanarekin.

Sei tantoko aldearekin amaitu du Belat Rezusta bergararrak Buruz Burukoan jokatutako lehenengo partidua. Hasieran, Albisuak hartu dio aurre 6 eta 1eko emaitzarekin, baina hortik aurrera, Aspeko pilotariak erakustaldi bikaina eskaini du.

Partidu serioan, bi pareta, dejadak eta sakez egindako tanto politak egin ditu bergararrak. Bazirudien, Rezustak erraz irabaziko zuela, baina Albisuak ez du amore eman eta 16nako berdinketara iritsi dira.

Bergarako atzelariarentzat gauzak nekezago jarri direnean, sakez egindako tantoei esker, partidua aurrera ateratzea lortu du eta azkenean 22-16ko emaitzarekin irabazi du Aspekoak. Hori horrela, Xala izango du aurkari hurrengo kanporaketan.

Joan den urtean Bigarren mailako txapelketa irabazi ondoren, 22 urteko pilotari gazteak etorkizun ezin hobea duela erakutsi du. Partidu bukaeran egindako adierazpenetan pozik agertu da egindako lanarekin; “Lehen zatian partidu ona jokatu dut, baina bigarren zatian apur bat jaitsi dut. Xalaren aurka jokatzeko hori hobetu beharko dut. Dena dela fisikoki ondo bukatu dut eta eskuetatik ere oso ondo bukatu dut. Partidu honetarako eskuko takoak beste modu batean jarri ditut eta pozik nago minik ez daukadalako”.

Datorren asteburuan izen handiko beste ezkerti bat izango du aurrez aurre Rezustak, Xala, hain zuzen, eta irabazten duenak Irujo izango du zain.

Mendizabal III.ena ere garaile

Debagoieneko beste pilotari batek ere erakustaldi ederra egin du gaur Zumarragako Beloki pilotalekuan. Bigarren Mailako txapelketan Mendizabal III.a antzuolarrak erraz irabazi dio Urruzolari 22 eta 3ko emaitzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak