Donostian batzarra egitekoak dira gaur, 13:00ak aldera, Candyko langileen ordezkariak, Optimize enpresakoak eta Foru Aldundikoak. Helburua da foru aldundiak eskatu zuen bideragarritasun txostenaren berri jasotzea. Optimize enpresak proposatzen duen proiektuaren gaineko xehetasunak ere jakitekoak dira gaur. Bideragarritasun txostena Jabier Retegik eta Price etxeak egin dute.
Oraingoz, diru-ekarpenik ez
Langileen ordezkariek gezurtatu egin dituzte zenbait komunikabidetan agertutako albisteak; langileek ustez egin beharreko ordainketen eta enpresa berriak behar izango lituzkeen langile kopuruaren gaineko albisteak, hain zuzen ere. Iturri horiek esan dute proiektua ondo ezagutu arte langileek ez dutela inongo diru-ekarpenik egin behar izango. Eta esan dutenez, gezurra da Candyko lantaldearen erdia behar izango dela enpresa berrirako. Izatekotan, kontratazio graduala egongo litzateke.
Beraz, oraingoz, langileek dagokien kalte-ordaina jasoko dute. Iturri berberek azaldu dutenez, langileek hartu beharko dituzte proiektu berriaren arriskuak; beraz, informazio osoa izandakoan hartuko dituzte behar diren erabakiak.
Candy Hooverrek, jarrera ona
Bestalde, Italiako Candy Hoover enpresarekin, lantegia alokairuan hartzeko zeukaten epea luzatu egin dute langileek. Hala eskatu zioten multinazionalari, Optimizeren proiektua ezagutu ahal izateko. Candy Hooverrek langileen aldeko jarrera erakutsi du.