Askotariko dantzen erakustaldi paregabea

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko api. 25a, 22:09

Dantzaren nazioarteko eguna izango da apirilaren 29an, eguaztena; egun horren aitzakian, Bergarako Camden Town akademiako ikasle eta irakasleek eskolan ikasitakoa herritarrekin partekatu dute gaur, zapatua, Irala kalean egin duten erakustaldian.

Askotariko estilo, erritmo eta jatorrietako dantzetan trebeak direla erakutsi dute akademiako haur eta ikasle helduek jendez lepo betetako Irala kaleko plazatxoan bildutako ikusleen aurrean. 100 dantzarik baino gehiagok elkarrekin dantzan, flash mob-a grabatu dute saioa hasteko. Ondoren, 17 taldetan banatuta, funkya, balleta, flamenkoa, salsa, tangoa, zumba, bachata eta beste hainbat dantza erakutsi dituzte.

Kalean lehenengo aldiz dantzatzen zutela-eta, urduri samar zeuden gehienak, baina gozatu ederra hartu dute erakutsitakoa ikusleei gustatu zaiela ikusita, asko izan dira-eta jaso dituzten txaloak eta animo oihuak.

Une hunkigarriak ere izan dira, ikasleek irakasleei eta akademiako arduradunei lora sortak oparitu dizkien momentua, horien artean. Amaitzeko, hasieran egin duten dantza errepikatu dute dantzari guztiek berriz ere elkarrekin. 

Veronika Tabaresen aldeko itsulapikoak

Minbizia gaixotasuna duen Veronika Tabares herritarraren aldeko elkartasun keinua ere izan du emanaldiak; haren aldeko diru-bilketa egin dute.

Erlazionatuak

Camden Town Dance Academy

Miren Arregi Amasorrain 2015 api 26 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak