Txirrindulariek Labegaraietan hasi, Osintxuraino joan eta berriz Labegaraietara bueltatu beharko dute. Hala, hiru buelta emanda. Azken bueltan, Ondartzako bidegurutzea hartuko dute Bergarako saihesbidetik, eta Elgetarantz joko dute, San Juan auzotik. Embalan eta Fegar industrialdetik pasata, Bergarako saihesbidera joango dira ondoren, eta Bentako bidegurutzetik berriz Labegaraietara bueltatuko dira; han amaituko da lasterketa.
Tarteko helmuga
Labegaraietatik pasatzen diren lehen hirurek puntuak jasoko dituzte aldi bakoitzean; lehenak hiru puntu, bigarrenak bi puntu eta hirugarrenak puntu bakarra. Lasterketa amaitzean, puntu gehien batzen dituenak sari berezia jasoko du.
Guztira, 150 txirrindulari inguru espero dituzte antolatzaileek. Euskal Herriko txirrindulariez gain, Espainia mailako taldeak ere egongo direla adierazi dute. Bergarako Bolintxo Okindegia taldetik bost txirrindularik hartuko dute parte lasterketan: Mikel Arregi, Gurutz Aspe, Aritz Kortabarria, Unai Prieto eta Ander Peranek. Lokatza Ziklismo Eskolako Jon Unamunoren esanetan: "Iaz, lasterketa ona egin genuen. Aurten Mikel Arregi oso ondo ari da, eta Aritz Kortabarriarekin batera irabazteko aukera asko dituzte, baina maila oso altua izango da".
Eskolarren proba
Maiatzaren 1ean eskolarren proba izango da Bergarako Labegaraieta industrialdean. 11:00etan izango da, eta txikientzako zirkuitu bat prestatuko dute Lokatza Kirol Elkartekoek. Bada, animatzeko gonbidapena egin dute antolatzaileek.
Eskolarren proban edo gazte mailako ziklismo lasterketan antolakuntza lanetan lagundu nahi duenak Lokatza Kirol Elkarteko Xabier Arantzetarekin jarri beharko du harremanetan; 649 72 67 67 telefonora deituta.