Alkategaiak ezagutzen

Juanje Alberdi: "Gure mailan, herria hobetzeko sartzen zara ez aberasteko"

Imanol Gallego 2015ko mai. 6a, 07:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | Juanje Alberdi (Bergara, 1963), EAJko zerrendaburua enpresa gizona da bera, Bilbon egindako unibertsitate ikasketen ostean industria arloan egin du lan. Semea eta alaba dauka eta korrika egitea atsegin du. 2011. urtetik bere ogibidea zinegotzi lanarekin tartekatu du. Alberdi askotan esan dioten serio fama horrekin bat datorren arren, "lagun artean hurbila eta umoretsua", dela dio.

Lagunek nola hartu dute alkategai izateko ideia?

Oso ondo, ausarta izan naizela diote, baina azkeneko lau urteak zinegotzi bezala eman ditudanez ez da  sorpresa handirik egon. Batzuek apustu ona egin dudala ere esan didate.

Eta familiak?

Emazteak lehen segundotik lagundu nau. 20 eta 17 urteko seme alabak ditut, eta gazteak ezberdinak dira. Biek denbora gehiago behar izan dute erabakia barneratzeko, baina egun harro daude.

Semea unibertsitatean duzu, nola gogoratzen dituzu zuk Bilbon emandako urte horiek?

Bizipen ugari ditut. Bilbon, unibertsitateaz gain, kalean ere asko ikasteko aukera izan zuen. Deustuko zubiko mugimendua oso presente daukat, baita Bergaran grisak ibiltzen ziren garaiak. Isabara ere joaten ginen, eta bertatik Iruñera, hirietan gertakari ugari izaten ziren, eta askoren testigu izan nintzen. Euskal Herriarekin zerikusia duten mugimendu sozial eta politiko askoren hastapenak ikusteko aukera izan nuen. Orain aldiz, egoerak hobera egin duela esango nuke. Euskaldunako langileen protestak izugarriak izan ziren, ontziolaren egoera, inguru hura… Orain aldiz, baztertuta egondako inguru hori, Bilbo berriaren muina dela esango nuke.

Etxekorik izan duzu inoiz udal politikan edo bestelako ardura politikoetan?

Era aktibo batean ez, baina gurean beti izan gara abertzaleak. Gogoan dut, gurasoenean urtero ospatzen genuela aberri eguna. Hala ere, ez dira alderdikide izatetik pasa.

Alkate izatera iristen bazara, zein izango da hartuko duzun lehenengo erabakia?

Udalaren egoera ezagutzeko Diagnosi bat egingo dut. Horren ostean, taldearekin batu eta herritarrek babestutako hauteskunde programa garatzen hasiko gara.

Aisialdian zer egitea duzu gustukoen?

Beti egin dut korrika. Ikasle garaian Casilda Iturrizar parkeari buelta mordoa eman nizkion. Zaletasun horrekin jarraitzen dut, eta urtero maratoi bat edo beste egiten dut.

Ze denbora egiten duzu?

3 ordu eta 20minututik behera. Azken lau maratoietan marka hori lortu dut. Horrez gain, sukalde kontuetan ibiltzea gustuko dut, eta denbora dudan bakoitzean liburuak irakurtzen ditut.

Facebook, twitter… Sare sozialetan aktiboa zara?

Perfila egina dauka baina ez naiz oso aktiboa. Denbora asko exijitzen dute eta kontsultatzen ditudan arren, ez diet behar beste denbora eskaintzen. Kontrara, posta elektroniko eta whatsappean asko aritzen naiz. Telefonora iristen zaizkit horien mezuak, eta ahalik eta bizkorren erantzuten saiatzen naiz. Ez da lan erraza, bi whatsapp eta hiru posta elektroniko ditut-eta. Hala ere, mezu guztiak egunean bertan erantzuten saiatzen naiz.

Taldeak, txisteak, Julio Iglesiasen argazkiak… whatsappa askotan nekagarria izan daiteke.

 Horrelako argazkiei ez diet jaramonik egiten. Lana, familia, korrika egin… guzti horren ostean ez dut denbora askorik izaten, eta mezu serioei soilik erantzuten diet. Askotan ez ditut bat-batean erantzuten, baina saiatu saiatzen naiz.

Eta komunikabideak jarraitzen dituzu?

Oso irrati zalea naiz. Kotxean adibidez, semearekin ez baldin banoa, irratia entzuten dut, bera datorrenean aldiz, musika entzuten dugu.  Pentsa, ikasi ere irratiarekin egiten nuen, eta liburu bat hartzen dudanean ere, irritia entzuteko ohitura daukat. Prentsa ere egunero kontsultatzen dut, astean zehar internet bidez, eta aste bukaeratan, egunkariak irakurtzeko astia dudanez, erosi egiten ditut.

Azken aldian politikariek ez duzue oso fama ona.

Herri politikan ez dago horren politikoa izan beharrik. Egia da kritika asko entzuten direla, eta neurri batean, ados nago. Politikan ezin zara zure intereserako sartu. Gure mailan, herria hobetzeko sartzen zara ez aberasteko. Gehienetan gainera, zure ogibidea alde batera utzi gabe.

Funtzionario izateko kurrikulum luzea eskatzen dute, politikari izateko aldiz ez. Elkarrizketa hau ingelesez edo frantsesez egin izan banizu zer?

Ingelesez nahi duzun guztia, lanagatik asko erabiltzen dudan hizkuntza bat da. Argi dago, politikan ez dagoela filtro eraginkorrik eta askotan behar ez zen jendea sartzen da. Herri mailako politikatik ia ezinezkoa da etekin ekonomiko bat ateratzea, eta akaso horrek jende prestatuena atzera botatzen du. Jende prestatua nahi baldin badugu, errekonozimendu bat eman behar diogu, hori bai, lerrotik irten edo eskua sartzen badu, egurra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak