Nolakoa da espazio berria?
Agorrosingoarekin alderatuta lokala ezberdina da. Orain, aukera gehiago ditugu, eta horrek espazio berean adin tarte ezberdinak batzeko aukera eman digu. Horrez gain, kokaleku berrian, kanpora irteteko aukera gehiago ditugu, Oxirondo ondoan plazatxo bat izateaz gain, Usondo parkea ere bertan dago-eta.
Ludoteka berria handiagoa da?
Tamaina edo tokia baino gehiago, baliabideak azpimarratuko nituzke. Egun, instalazio hobeak ditugu, tartean sukalde bat, eta horrek, gure lana errazteaz gain, ekintza gehiago egiteko aukera berriak eman dizkigu.
Nabari da gustura zaudetela.
Langileontzako aurrerapauso polita izan da, eta haurrak oso gustura ikusten ditugu. Egun, lau hezitzaile gaude ludotekan lanean, eta, aisialdi ekintzak antolatzeaz gain, gazteen beharrak ulertu eta jorratzeko aukera daukagu. Behar bereziak dituzten gaztetxoek egokitutako ekintzak ere topatuko dituzte hemen.
Hilabete honetan, gainera, jendeak proba egiteko aukera dauka. Haurrak hurbildu dira?
Poliki-poliki. Azken hamar egunetan oso eguraldi ona izan dugu, baina etortzen dira, bai. Hasieran, hil honen amaiera arte iraun behar zuten ate ireki saioek, baina ludotekako ateak beti egongo dira zabalik. Gu aisialdi dibertigarri eta euskalduna proposatzen saiatuko gara, eta nahi duen guztiak etorri, proba egin eta ondoren erabaki bat hartzeko aukera izango du.