Domekan itzaliko dira Apirilean Musika ekimenaren doinuak

Imanol Gallego 2015ko api. 23a, 17:45

Organo eskolako ikasleak.

Hamaikagarren urtez, apirilak doinu berezia izan du. Musika eskolak eta Udalak bultzatutako Apirilean Musika ekimenak herriko musikari gazteen jarduna eskolatik atera, eta herrian zehar zabaltzea lortu du.

Ipuin musikatua, elkartrukeak, dantza erakustaldiak, kontzertuak... ikasleek ikasitakoa erakutsi eta herrikideekin konpartitzeko aukera bikaina izan da. Hilaren 12an hasitako musika ziklo hori, baina, asteburu honetan amaituko da.

'Arrain txikitxoa' ipuina

Musika tailerreko ikasleek eta gitarra taldeak Zabalotegin Arrain txikitxoa ipuin musikatua taularatuko dute egubakoitzean 18:00etan. Ekintza horrekin, antolatzaileek musikara gerturatu nahi dituzte herriko gazteenak.

Organo ikasleen kontzertua

Gipuzkoan dagoen organo eskola bakarrak ere partu hartuko du musika zikloan. Bihar, 11:00etan, Sierbetako kaperan, bost ikaslek  ikasitakoa herrikideei eskainiko diete. Bertan, Bach, Faure eta Lefebure-Wely konpositoreen lanak entzungo dira.

Kontzertu didaktikoa

Iaz izandako arrakastaren ostean, domeka honetan Udal Bandak kontzertu didaktikoa eskainiko du Udal Pilotalekuan, 12:30ean.

Emanaldi berezi horren helburua da musika entzuteaz gain  bandako instrumentuak gertutik ezagutzea. Horretarako, bandako zuzendariaren laguntzarekin, haurrentzako errepertorio egokia izango duen emanaldia prestatu du bandak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak