Eroskik Bergarako bi dendak egokitu ditu tokiko eta sasoiko produktuen eskaintza indartzeko

Monika Belastegi Aranzabal 2015ko api. 16a, 11:31

Tokiko eta sasoiko produktuei leku zabalagoa eman diete bi saltokietan.

Bi dendok Zurekin eredu komertzial berrira egokituta, bezeroei tratu petsonalizatuagoa eman nahi die. Lanek hiru hilabete iraun dute, milioi erdi euro inbertitu dute eta 11 lanpostu sortuko dira.

Eroskik Bergarako Simon Arrieta eta Leizeaga kaleetan dituen supermerkatuak eraldatu eta egokitu ditu Zurekin eredu komertzial berrira. Hala, bezeroei tratu pertsonalizatuagoa eman nahi die, tokiko produktuen eta sasoiko produktu freskoen salmenta indartu, elikadura osasungarria sustatu eta eguneroko erosketan aurrezteko modu berriak eskaini.

Lanek hiru hilabete iraun dute, eta osorik berritu dira bi dendak, batez ere freskoen eremua, tokiko eta sasoiko produktuei leku zabalagoa emateko. Produktuen artean, nabarmentzekoak dira Gomiztegi gazta (Arantzazukoa) eta Ayastui ogia (Oñatikoa). "Kontsumitzaileak gero eta gehiago estimatzen ditu tokiko eta eskualdeko produktuak; horregatik, Zurekin ereduan, garrantzi handiagoa hartzen dute, eta beren ezaugarri gastronomiko eta kulturalak nabarmentzen dira", azaldu du Irene Arrizabalagak, Leizeaga kalean dagoen supermerkatuko arduradunak.

Bestetik, handitu egin da langile kopurua, bost lanpostu sortu baitira Simon Arrietako supermerkatuan eta sei Leizeagakoan. Bi dendetako taldeek 1.500 prestakuntza ordu baino gehiago jaso dituzte harategiaren eremuan, arrandegiarenean, fruten eremuan eta bezeroari erantzuteko zerbitzuan.

"Lanak egin bitartean, bezeroari ahalik eta trabarik txikiena egiten saiatu gara, lan eremuak hesituta. Eskerrak eman nahi dizkiegu, beti bezala etorri baitira erostera", azaldu du Arrizabalagak. "Gainera, eredu berriaren inguruan azaldu duten interesa dela eta, gogotsuago heldu diogu prozesuari". Eredu komertzial berrira aldatutako beste supermerkatuetako emaitzei begira, ikusten da onarpen handia izan duela, %10 handitu baitira bezeroen bisitak.

Arreta pertsonalizatuaren alde

Berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da atal guztietan egin dela arreta pertsonalizatuaren alde. "Bi saltokietan jarri dugu, berriz ere, saltzailea harategian. Gainera, bezeroari ematen zaion arreta aldatuz joango da EROSKI Kluba txartelaren bitartez egindako eskaintzekin eta promozioekin; dagoeneko, Euskal Autonomia Erkidegoko salmenten %85 biltzen ditu", esan du Arrizabalagak.  

Supermerkatu berrituek azken berrikuntza teknologikoak ere badakartzate efizientzia energetikoa hobetu eta ingurumenean duen eragina gutxitzeko; esaterako, elikagaiak kontserbatzeko hozte altzarien ixteko sistema.

Bergaran 1997tik

Eroskik Bergaran dihardu 1997tik, Simon Arrietako supermerkatua ireki zuenetik. Handik hamar urtera, Leizeagakoa ireki zuen. Bestalde, EROSKI Bidaiak agentziaren bulego bat ere badu herriak.

Urteko lehen hiruhilekoan, hamabi denda eraldatu ditu EROSKIk Zurekin eredu komertzial berrira Euskal Autonomia Erkidegoan, 2016rako Plan Estrategikoaren bigarren zatian datorren bezala. Urte hasieran hasi ziren berrikuntzetan, eta janari freskoetan oinarritu dira. Hala, epizentro bihurtu dira freskoak saltoki berrietan, eta tokiko sasoiko produktuek garrantzi handia hartu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak