Sei bizikleta irteera, jolasak, eta Nordic Walking saioa domekako Kirola Kalera egunean

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko api. 15a, 14:15

Bergarako IV. Bizikleta Jardunaldien hasiera izango da, eta ekintza gune nagusia Labegaraieta.

Bergarako udal arduradunek Lokatza eta Palmerakuak taldeen laguntzarekin egin dute, gaur goizean, Bergarako IV. Bizikleta Jardunaldien eta Kirola Kalera ekimemaren aurkezpena.

Bizikletaren Nazioarteko Eguna da domeka, eta Bergaran sei bizikleta irteera, jokoak eta Nordic Walking-eko hastapen saioa antolatu dituzte. Bizikleta irteerak zailtasun maila ezberdinetakoak izango dira eta guztiak egingo dituzte monitoreen laguntzarekin. Bi irteera emakumeei zuzenduta daude, bi lehen hezkuntzako neska-mutikoei eta bat haur txikiagoak dituzten familiei. Seigarrena txango irekia da Urkulura.

Labegaraieta izango da ekintza nagusien kokalekua eta bizikleta irteera guztiak Agorrosinetik abiatuko badira ere Labegaraietan amaituko dira. Bertan, jokoak, Nordic Walking saioa eta bizikleta eliptikoak zein elektrikoak probatzeko aukera egongo da. 27 lagun daude izena emanda Nordic Walking saiorako, seguruenik hiru talde egingo dituzte.

"Jendea ekintza horietan parte hartzera animatu gura dugu", esan du Bergarako kirol teknikari Iñaki Ugarteburuk. "Bergara izan dadila herri bat non kalean ere jarduera fisikoa egiteko aukera dagoen. Oraingo honetan bidegorria eta Labegaraieta kiroldegiaren kanpoko ingurua hartuko ditugu jendeak ikus dezan bertan kirol praktika egin daitekeela".

Domekako ekintzak 12:30ean amaituko dira Labegaraietatik San Martin plazara abiatuko den bizikleta martxa batekin.

Bizikleta jardunaldiak

Astelehenetik aurrera etorriko dira Bizikleta Jardunaldien inguruko gainerako ekintzak. Besteak beste, desfibriladorearen erabileraren inguruko ikastaroa, diaporamak bai ikastetxeetan bai herritarrei zuzenduta, eta kirol kontseilua. Baita ere gazte mailako ziklismo lasterketa bat.

Lokatza taldeko Xabier Arantzetak eman du lasterketa horren berri. Apirilaren 25ean izango da, Labegaraietan. "Euskal Herriko talderik onenak etortzeaz gain Estatuko beste talde garrantzitsuekin kontaktuan gaude eta pare bat taldek eman dute baiezkoa. Pentsatzen dugu partaidetza ona egongo dela", esan du Arantzetak.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak