Riaza artistak 'Estratuak' izenaren bueltan elkartu dituen grabatuak daude ikusgai Aroztegi aretoan

Mirari Altube Arrese 2015ko api. 11a, 09:15

Riaza artista Bergarako aroztegi aretoan erakusketa inauguratzerakoan.

Riaza madrildarrak grabatuen erakusketa jarri du Aroztegi aretoan: Estratuak. Bergaran erakusteko "gogotsu" zegoela aitortu du Gasteizen bizi den artistak eta ilusio handiarekin zabaldu zuen atzo, egubakoitza. 50en bat grabatu jarri ditu eta apirilaren 26a arte izango dute bergararrek bertara hurreratzeko aukera.

Grabatua lantzea ez da ohikoa baina Riazak horixe du gustuko: "Kobrezko xaflak erabiltzen dira eta altzairuzko puntekin landu hori. Lan handia dauka baina erlaxatu egiten nau", dio. Eta teknika ezberdinak erabiltzen ditu, batzuetan akuafortea, hurrengoan berniza, baita ur-tinta ere: "Teknika ezberdinekin itxura ezberdina hartzen dute". Eta grabatuei begiratu bat eman besterik ez dago kolore ilunak dituela gustuko jakiteko, batez ere beltza.

Hamahiru urteko bilaketa

Hamahiru bat urte daramatza grabatuekin lanean: "Bilaketa bat da, eta badakit barrura begirako lana dela. Horregatik askok ez dute ulertzen…", argitu du eta gaineratu: "Mugimenduaren bila ibiltzen naiz lanetan, ez dadila estatikoa izan. Espiralak irudikatzen hasi nintzen eta orain organikoekin nabil".

Eta lan bakoitza berba batekin izendatzen du, berba indartsu batekin: anabasa, jatorria, labirintoa… Erakusketan gainera, Borges, Paolo Santarcangeli eta Cornelius Castoriadis idazleen testuak tartekatu ditu, bere lanarekin "bat egiten" dutelako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak