Hemen Gipuzkoako Foru Aldundiaren oharra, osorik:
"Gipuzkoako Foru Aldundiak ezin du ulertu Eusko Jaurlaritzak eta bereziki Arantza Tapiak Candyko berrindustrializazioaren inguruan daukan jarrera eta berau gaizki ateratzeko erakusten ari den grina.
Izan ere, Arantza Tapiak Candyri buruz hitz egiten duen bakoitzean argi eta garbi erakusten du EAEko Ekonomia Garapenerako sailburuari kezkatzen dion gauza bakarra Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta langileen ahaleginek huts egin dezatela dela. Zertarako? Bazka politikoa jaso dezan.
Eta hitz egiten duen bakoitzean diogu, orain arte ezer egin ez baitu eta egin badu ezkutatzen ari delako.
Zenbat aldiz elkartu da Arantza Tapia langileen ordezkariekin? GFA hogeitik gora.
Zenbat aldiz elkartu da Arantza Tapia Candyrekin? GFA dozenatik gora.
Zer proposatu du Arantza Tapiak Candy ixteko erabakiaren aurrean? Gipuzkoako Foru Aldundiak berrindustrializazioaren aukera".
"Elkarlan instituzionala"
"Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi nahi du hasieratik elkarlan instituzionala bilatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren elkarlan hori publikoki ere eskatu duela diputatu nagusi Martin Garitanoren ahotik, eta jaso duen erantzuna isiltasuna izan dela. Jokabide hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak deitu behar izan du zuzen-zuzenean Arantza Tapiaren departamendura eta Alejandro Lopez Carcamo Industria Garapeneko zuzendariari prozesuaren berri eman dio.
Beraz, Arantza Tapia, Candyren alde ezer ez egiteaz gain, bere ez-gaitasuna ezkutatzeko informazio faltsua zabaltzen ari da hika-mika elektorala piztu nahian Candyko langileen etorkizunari jaramonik egin gabe. Arduragabekeria itzela izateaz gain, lotsagarritzat eta onartezintzat jotzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Arantza Tapiaren jokabide zitala!.
"Tapiaren probokazioak"
"Honen aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi nahi die Candyko langileei eta herritar guztiei, ez dela jauziko Tapiaren probokazioetan, orain arte bezala emango duen urrats bakoitza zuhur emango duela, beti ere eskuz esku langileekin, Candyren proiektuak bideragarritasun tekniko nahiz ekonomikoa izan dezan eta etorkizuna oparoena edukitzeko. Eta bide batez, azaldu nahi du hasieratik egon diren zailtasun guztiak, banaka-banaka gainditzen joan garela, eta esperantza horrekin, Candyko langileek merezi dutelako, zuhur bada ere, aurrera jarraituko duela.
Halaber, dei egiten die langileei eta herritarrei asmo txarrak besterik ez dituzten Tapiaren adierazpenei jaramonik ez egiteko, eta orain arteko elkarlanean eta ahaleginean erakutsi duten indarrarekin eta grinarekin jarraitzeko, enplegua mantentzea izan delako guztiok hasieratik izan dugun helburua eta horretan jarraitzen dugulako".