Bergaratik Gironara, pobreziaren kontra

Miren Arregi 2015ko mar. 27a, 12:49

Manso, Aranes, Garitano eta Iglesias aurtengo kamisetarekin.

Apirilaren 18a da egun handia. Egun horretan, bigarrenez, Bergarako eta Antzuolako kidez osatutako IGAM taldeak Intermon Oxfam GKEk antolatzen duen Gironako Trail Walker proba solidarioan hartuko du parte. Helburua da pobreziaren kontra dirua batzea.

Olotetik irtengo dira goizeko hamarretan eta Bide Berdea deritzona zeharkatuko dute, 100 kilometroko bidea eginda, kostaraino iristeraino: "Aurten disfrutatzea da gure helburua", dio Jon Ander Garitano bergararrak. Eta gehitu: "Iaz lehenengo aldia izanik, proba osoa jarraian egin genuen. Hamazazpi ordu behar izan genituen 100 kilometroak egiteko eta goizeko hiruretan iritsi ginen helmugara. Euria ari zuen eta hotza zegoen. Inor ez zegoen helmugan eta triste samarra izan zen". Hala, aurten, proba lasaitasunez hartu eta Gironan geldialdia egiteko asmoa dute: bi etapatan egingo dute. Apirilaren 19an eguerdi aldera iritsiko dira helmugara.

Ez dituzte 100 kilometroak bakarrik egingo; izan ere, bi lagunez osatutako laguntza taldea izango dute: "Jana, edatekoa, arropak... Eramango dizkigute batetik bestera, autoz". dio Garitanok. Aitor Garitanok eta Bea Zeziagak izango dute lan hori egiteko ardura.

Iazkoa gainditu

Pobreziaren kontra dirua batzea da probaren helburua. Iaz 4.576 euro batu zituzten eta aurten zenbaki hori gainditu gurako lukete: "Badakigu zaila dela, baina saiatu, saiatuko gara". Dagoeneko 3.500 eurotik gora batu dituzte, kamisetak salduta eta zozketak eginda, besteak beste: "Pertsona batek 500 euro eman berri ditu. Eskertu egin gurako genuke haren ekarpena. Noski, gainontzeko guztiak ahaztu gabe", dio Garitanok, pozik.    Ternua eta Lorpen markei, Antzuolako Larrea jatetxeari, Imprespali, Barcelo Bidaiei, Depor tabernari eta Jabi Erostarbe oñatiar diseinatzaileari ere eskertu gura diete emandako laguntza.

Oraindik ere badago tartea dohaintzak egiteko. Hain zuzen ere, apirilaren 16ra arte egongo da horretarako aukera. Bi modu daude: Sabadell Guipuzcoanoko honako kontu zenbaki honetan dirua sartuta (00814257830001137319) edota SMS bidez, TW G26 mezua bidalita 28018 zenbakira. Mezuaren kostua 1,20 euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak