San Joxepeko erretiratuek iazko kontuak onartu dituzte eta zuzendaritza berritu

Mirari Altube Arrese 2015ko mar. 27a, 11:00

San Joxepe elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak eta alkatea.

Urteko batzarra egin zuen eguaztenean San Joxepe erretiratuen elkarteak Jaione Isazelaia gonbidatuarekin, eta 2014ko kontuak onartu zituzten elkartutako 100 bat bazkidek. 2015eko egitaraua oraindik ez dute guztiz lotu eta datozen egunetan emango dute horren berri. Zuzendaritza batzordea berritu zuten, gainera.

Elkarteak 1.634 bazkide zituen 2014 bukaeran, horietatik 571 ziren 80 urtetik gorakoak. 50 lagun sartu ziren eta 52 baja izan zituzten.

Iaz egindako jarduerei gainbegiratua egin zieten, eta aipatu zuten La Caixa fundazioari esker informatikaren gaineko ikasketak eskaini zirela eta 86 lagunek jardun zutela. Gainera, hamar ordenagailu eskuratu dituzte La Caixari esker. Kultura hamabostaldian, ostera, hitzaldi oso interesgarriak izan zituzten, horien artean Asier Altunak eskainitakoa eta Mari Carmen Gallastegik. Bestetik, aipamen berezia egin zioten abesbatzari, izan ere, hamabost kontzertu eman zituen iaz. Zuzendaria berria dute gainera: Jose Ramon Amasorrain.Horiek guztiak eta beste ekitaldi mordoa egiteko 13.793 euro behar izan zituzten. Diru-sarrerak, ostera, izan ziren 13.450 euro. Horietatik 9.000 euro kuoten bidez lortu zituzten, eta 3.785 diru-laguntzei esker; batetik, Bergarako Udalak emandakoa eta bestetik, Euskadiko Kutxak.

Emakume "gutxi" batzordean

Aurtengo ekintzen programarik aurkeztu ez arren helburu batzuk zehaztuta dituzte, horien artean informatika ikastaroak antolatzea eta aldaparik gabeko mendi ibilaldiak sustatzea. Zuzendaritza berritu zuten gero. Batzordea utzi dutenak izan ziren: Iñaki Zabala, presidentea; Jose Mari Larrañaga, presidente-ordea; Beatriz Larrañaga, idazkaria; eta Benjamin Lazkano, bokala. Orain arte ere batzordean egon den Antolin Martxenak jarraitu egingo du eta harekin batera izango diren kide berriak honakoak dira: Ignacio Illarra; Emilio Gutierrez; Ramon Eguren; eta Aderito Prieto. Ardurak hurrengo bileran banatuko dituzte.

Alkateak eskerrak eman zizkien guztiei egindako lanagatik eta animatu zituen zuzendaritza batzordean emakume gehiago sartzera: "Bazkide gehiago zarete-eta emakumeak". Era berean, Udalaren helburu estrategikoa dela adinekoei erretiro aktiboa eskaintzea jakinarazi zuen, ahal den denbora gehien pasa dezaten etxekoekin eta lagunekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak