"Asmoa da herritar guztiendako irisgarria izatea liburutegia", dio Leire Iruin Bergarako Kultura zinegotziak. Hala, gehien erabiltzen diren zerbitzuak jarriko dituzte beheko solairuan: azkeneko hiru urteetako nobelak, hemeroteka, filmak, egunkariak irakurtzeko gunea eta ordenagailuen gunea. "Bestelako zerbitzuak, entziklopediak, adibidez, goian egongo dira", azaldu du Iruinek. Oinarrizko zerbitzuak "denen eskura" egotea da asmoa.
Hausnarketa baten ondorioa
"Hausnarketa bat egin genuen eta konturatu ginen liburutegiak ez zuela bermatzen irisgarritasuna", dio zinegotziak. Irisgarritasuna bermatzeko aukera ondoko hau zela ikusi zuten: orain arte beheko solairuan lan egin izan duten Kultura Zerbitzuko langileak Udaletxera lekualdatzea, eta euren tokian jartzea gehien erabiltzen diren liburutegiko zerbitzuak.
Beheko solairu hori irisgarri izateko, gainera, hainbat lan egin behar izan dituzte kultura etxean: sarrera nagusiaren albo batean arrapala bat jarri dute eta hainbat ate egokitu egin behar izan dituzte.
Apirilerako lanak amaituta
"Aste Santuaren bueltan hainbat zerbitzu jada beheko solairuan egongo dira, eta espero dugu apiril amaierarako lan guztiak amaituta egotea", dio Iruinek.
Lekualdaketa egiteak ez du aparteko eraginik izango liburutegiko erabiltzaileengan; hala ere, egun horietan ohi baino zarata handiagoa egongo da.