Puntako bertso saioa eta ganadu feria Erramu Zapatuko izarrak

Monika Belastegi Aranzabal 2015ko mar. 26a, 14:55
Ganadua Ibargarai kalean egongo da ikusgai ohi bezala.

Urteroko ohiturari jarraituz, bihar, Erramu Zapatu bezpera, bertso jaialdia egongo da 22:30ean, Udal pilotalekuan, izen handiko bertsolariekin. Zapatuan, berriz, ganadu eta Euska Labeleko produktuen feria egongo da erdigunean.

Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Iker Zubeldia, Uxue Alberdi eta Oihana Bartra bertsolariek hartuko dute parte barikuko saioan. Gai-jartzaile, Iker Iriarte arituko da. Sarrera 8 euro dira eta aurrez kultura etxean eta www.bergara.net helbidean eskura daitezke. Saioaren egunea, leihatilan ere salduko dituzte, 21:30ean hasita.

Ganadua eta Eusko Labeleko produktuak zapatuan

Erramu Zapatuko feriari dagokionez, ohiko bidetik joango da. 09:30ean irekiko dute. Abelburuen erakusketa egongo da, Ibargarai kalean; hegaztiak eta baserriko makineria, Seminarioko jolaslekuan; artisauak, San Martin plazan; eta Fraiskozurin, Eusko Labeleko produktuak.

Horrekin guztiarekin batera, 11:00etan hasita, Bergarako Musika Eskolako trikitilari eta dantza taldeek kalejira egingo dute eta ondoren emanaldiak Fraiskozurin eta Simon Arrietan. 11:00etan, baita ere, euskal oilaskoa dastatzeko aukera egongo da San Martin plazan Aranzadi ikastolak kudeatuko duen txosnan.

11:30etatik aurrera, berriz, ikusgai egongo dira txorimalo lehiaketan parte hartuko duten txorimaloak Ibargarai kalean eta 13:00etan egingo dute sari banaketa.

Zumaiako Inpernuko joareak ere egongo dira eta 11:30ean eta 12:30ean, Bergarako trikitilariek emanaldia egingo dute Ibargarain.

14:30ean, herri bazkaria egongo da Udal pilotalekuan, eta 17:30ean, umeendako zezentxoak Seminarioko patioan. Herri bazkariari dagokionez, lau sarrera geratu ziren aurreko eguenean saldu barik. Hala, interesa dutenak pilotalekutik pasa daitezke zapatu goizean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak