Hurrengo pausoa Luxenburgoko Optimize inbertitzailearen proiektuak Bergaran aurrera egiteko Candy Hoover enpresako langileen batzordeak egitasmoaren nondik norakoak jasotzen dituen memorandum bat sinatzea da.
74 lagunek osatzen dute batzorde hori, eta gaur elkartuko dira gaia aztertzeko. Bergarako udaletxean egingo dute batzarra, 17:00etan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bitartekaritza lana egin du 74 lanpostu salba daitezen, eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko enkargua egin dio PwC aholkularitza zerbitzuari.
Bide luzea aurretik
Dena den, Optimize proiektuak Bergaran aurrera egiteko eragile gehiagoren oniritzia beharko da. Esaterako, Candy multinazional italiarrarena, hark alokatu behar baititu instalazioak. Bestetik, langileek Luxenburgoko inbertitzaileekin negoziatu beharko dute nola egin Bergaran motor elektrikoak muntatzen hasteko urratsak. Hala, inbertsioak, langileen kalte-ordainak eta enpleguari dagokion bermeen atala zehaztu beharko dira.
Eskuterren ekoizpena
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari Pedro Iturbek eta Agurne Barrusok egubakoitzean aurkeztu zieten Candy Hoover enpresako langileei Luxenburgoko Optimize inbertitzailearen proiektua. Egitasmoa da Bergaran eskuterrak ekoiztea. Eskuter elektrikoak lirateke, 800 eta 1.000 watteko indarra dutenak, 95 kilometroko autonomiarekin, 50 zentilitroko potentziarekin, eta 3-6 ordutan kargatzen direnak.