Organoa babesteko sortu den taldeak antolatu du emanaldi hori. Modu honetara aurkezten dute koru parrokiala, neurri baten atzera begiratuta ere:
"Santa Marina eta San Pedro parrokietan urteetan jardun duten gehienetan gizonez osaturiko koruak oso estimatuak izan dira, ahotsen kalitatea eta interpretatzen ziren musika lanak, batetik, (Perosi, Refice, Victoria, Gonzalez Bastida…) eta izan dituzten organo-jotzaile eta musikagile bikainengatik, bestetik. Hileta elizkizunetara hurbildu izan den kanpoko jendeak, esate baterako, horrela adierazi izan du behin eta berriz. Egungo Bergarako koru parrokiala berrituta dago, azken urteotan emakumeen partaidetzarekin, gizonen kopuruaren jaitsiera konpentsatze aldera, eta orain bi urte, Rosa Narbaizaren gidaritzarekin.
"Aipatu emakumeen artean badira D. Eustakio Azkarate-askasuak zuzentzen zuen Mariaren Alaben taldekoak izandakoak, eta beraiei esker dakigu D. Eustakio berak abesbatza horretarako konposatzen zituen musika lanen interpretatze era, eta baita nola hunkitzen zen lanok haien ahotsetatik entzuterakoan ere.
"Oraingo talde hau 2013ko ekainaren 30ean, San Pedro egunez estreinatu zen, San Pedro eliza berrituan, Perosiren I Meza Pontifikala interpretatuz, eta ordutik hona, hamabi alditan izan da kantuan bai San Pedro eta Santa Marinako parrokietako ospakizunetan, eta baita Donostiako San Bizente eta Zarauzko Santa Maria La Real parrokietan ere".
Hilaren 29ko kontzertuan joko dituzten lanen artean badira Santa Marina, lehenengo, eta ondoren San Pedroko organo-jotzaile handi izan zen D. Eustakioren lan batzuk, eta koru parrokialak "harentzako omenaldi apal gisa" interpretatuko ditu, "beste organo-jotzaile bikain batek lagunduta", Aitor Olea titularrak, hain zuzen ere.
Hauxe izango da beteko duten errepertorioa, Rosa Narbaizaren zuzendaritzapean:
G.F. Haendel-en Canticorum Iubilo (Koru eta organoa)
C. Franck-en Ave Maria (Koru eta organoa). Bakarlaria: Aitor Garitano
H. Eslava-ren Tu es Petrus (Koru eta organoa) eta Salve Regina (Koru eta organoa)
Aita Madina-ren Gure Aita (Koru eta organoa)
Venancio Errastiren Gaia eta aldarazpenak (organoa)
Eustakio Azkarate-askasuaren Quédate con nosotros (Koru eta organoa), Ave Maria Purísima (Koru eta organoa) eta Liberame (Koru eta organoa).
Organo-jotzailea: Aitor Olea.