Segurtasun sailetik azaldu dutenez, lekuko batek ohartarazita bertaratu dira suhiltzaileak eta itzali dute sua. Plastikoaren edukiontzi horia eta ondoan aparkatuta zegoen Yamaha motoa erabat erre ditu suteak, eta ondoko etxeko fatxada ere belztu egin du; etxearen arkupea eta lehen solairua belztu ditu, hain zuzen. Ertzaintzatik gehitu dutenez, fatxadan dagoen etxeko gasaren hoditeria ere aztertu du teknikari batek, ihesik zegoen ikusteko, baina guztia ondo zegoela ziurtatu du. Gauzak horrela, ez dute etxetik inor atera behar izan.
Segurtasun sailetik adierazi dute gertakaria ikertzen ari direla.