"Isil-isilik eta adi-adi egon dira emanaldiak iraun duen bi ordutan. Gustura sumatu ditut ikusleak, akaso bigarren aktuan gusturago, komikoagoa da-eta. Areto erdia bete da. Gu ere gustura egon gara, lasai sumatu dut lan-taldea. Dena ondo atera da, nahiz eta zuzentzeko detaile batzuk topatu ditugun" kontatu du Valen Moñux zuzendari artistikoak.
Sarrerak erosteko aukera badago oraindik
Datorren asterako, beraz, guztia prest dute eta irrikitan daude herritarren aurrean erakusteko. Lau emanaldi egingo dituzte, Udaletxeko aretoan guztiak, martxoaren 14 eta 15ean: zapatuan 19:00etan eta 22:30ean; eta domekan, 16:30ean eta 19:30ean. Lehenengo emanaldirako sarrerak agortuta dauden arren, gainontzeko hiruretarako erosteko aukera dagoela oraindik gaineratu du Moñuxek. Hamazortzi eurotan eskura daitezke honako tokietan: Bergarako kultura etxean, Lazkano eta Lonbide zapata dendatan, Pikupe Produkzioak bulegoan, eta bergara.net atarian ere bai.