Bergaran antolatzen den urteko lehen txapelketa izango da zapatukoa eta Nerea Anduagak entrenatzen dituen neska-mutikoak ilusio handiarekin ekingo diote, azkeneko txapelketetan fin aritu dira-eta, emaitza onak lortuz. Domekan, bestetik, Legazpin jokatuko den Eskola arteko 50 metroko Gipuzkoako finalean ere ariko dira Bergara Kirol Elkarteko igerilariak.
Igeriketa txapelketa dela-eta zapatuan ezingo da erabili bainuontzi handia. Honenbestez, goizean itxita egongo dira igerilekuak ohiko erabiltzaileendako. Bestetik, jaioberrien ur jarduerak (bainuetxean ematen direnak) eta igeriketa eskolak (bainuontzi txikian emango direnak), berdin emango dira. Txikien aldagelak eta familia aldagelak erabili beharko dira.
Arratsaldean bainuontzi handia erabili ahalko da inongo arazorik gabe.
Udal Kirol Zerbitzutik barkamenak eskatu nahi dizkie herritarrei txapelketak sorraraz ditzakeen gorabeherengatik.
Ur jolasak domekan
Bestalde, domeka arratsaldean (17:00-19:00) ur-jolasak antolatu dituzte. 8 urtetik gorako neska-mutikoendako puzgarriak eta jolasak antolatuko dituzte handian. Eta, txikian, 8 urtetik beherakoendako eta hauen gurasoendako ur-jolaserako materiala aterako dute.
Kirol zerbitzutik adierazi dutenez, jolas horietan parte hartzeko baldintza bakarra da eguneko sarrera ordaindu edota abonatua izatea.