Udalak bonutan 30.000 euro inguru banatu ditu

Imanol Gallego 2015ko mar. 5a, 16:57

Herritar bat herriko denda batean bonuak erabiltzen.

2014an, sariak eta hobariak banatzeko bonu-sistema jarri zuen martxan Udalak, tokiko ekonomia bultzatzeko. Iaz, guztira, bonu sistema horren bidez 30.000 euro banatu zituen Udalak. Egitasmoak izandako harreraren ostean, aurten ere bonu-sistema mantendu egingo dute.

Udalak urtero hainbat alorretan antolatzen dituen lehiaketetako sariak edo banatzen dituen zenbait hobari bonu bidez banatzean, herriko komertzioetan, ostalaritzan eta zerbitzuetan kontsumitzea bermatu du.  

Bigarren sektorea indartzeko

Tokiko ekonomia sustatzeko asmoarekin Udalak hainbat ekimen joan da martxan jartzen; besteak beste, bonu-sistema eta Bergara Bizi kanpaina.

Ildo horretatik, 2014an Aratusteak eta Pazkoak iragartzeko kartel lehiaketetako irabazleei eta Koldo Eleizalde literatur lehiaketako irabazleei, besteak beste, sariak dirutan banatu beharrean Udalak bonutan banatu zien. Era horretan, sarituak herriko komertzio-guneetan truka ditzakete irabazitako sariak, herrian bertan kontsumitzea bermatuta.

Era berean, Kotxea Garajean programan izena eman zutenei garajearen kontribuzioaren %75eko hobaria eskaini zien. Udalak hobaria bonutan jasotzeko aukera lehenetsi zuen arren,  hobaria dirutan jasotzeko aukera ez zuen baztertu. Biribiltzeari esker, hobaria bonutan jaso zutenek diru gehiago jaso zuten.

Horrenbestez, bonu-sistema horren bidez lortutako emaitzen balorazio positiboa egin dute Udaletik, eta 2015ean ekimena mantentzea erabaki dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak