Jaialdiaren laugarren edizioaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. Egubakoitzean jende dezente izan zen Bergarako gaztetxean, tartean, arrasatear ugari izan ziren Drop! taldeko gitarristaren azken kontzertua izan zelako egubakoitzekoa. Talde horrez gain, Hilkar, Ernia eta Meltdown taldeek ere emanaldiak egin zituzten gaztetxean, eta DJ Balzarekin eman zioten amaiera egubakoitzeko festari.
Zapatuan, berriz, Tomar el escenario dokumentalaren proiekzioa eta hizketaldia egin zuten eta hogei lagun inguru elkartu ziren.
Gauean, berriz, aurreikusita zegoen Managaitz taldearen kontzertua bertan behera gelditu zen taldearen arazo pertsonalengatik, baina, hala ere, festa giroa ez zen falta izan. Gaztetxean jo zuten Sofa, Accidente eta Perras Salvajes taldeek. Madrileko taldeak diren Accidente eta Perras Salvajes taldeek jende ugari erakarri zuten, eta 120 bat lagun izan ziren kontzertua ikusten. Iruñako DJs Pantxiñon ta Romanorekin goizeko ordu txikiak arte luzatu zen festa.