Urrian sortu zen Martxanterak talde feminista, eta argazki lehiaketa deitu dute; martxoaren 2ra arte har daiteke parte, emakumeon lanaren -ordaindutakoa zein ordaindu bakoa- inguruko argazkiekin edo, oro har, Emakumearen Egunean norberak erakusketan ikusi nahiko lituzkeen argazkiekin. Helburua da ahalik eta jende gehienak parte hartzea. Honela dio Martxanterak taldeko Elena Eginok: "Edozeinek bidal ditzake argazkiak; eta inork ez dezala beldurrik izan, ez gabiltza-eta argazki profesionalen bila".
Martxoaren 8an, domeka, lanak ikusgai ipiniko dituzte San Martin plazan, eta luntxa emango dute.
Martxanteren eskutik ere, Txapa Irratiak antolatutako Tapoi Fest-en barruan, Tomar el escenario delako dokumentala eta mahai-ingurua izango dira, zapatuan, 17:00etan, Kartzela Zaharrean. Musika eszena independentean emakumeen papera aztertzen du lan horrek.
Laguntzeko borondatea
Euren burua aurkeztu zutenetik, bergararrek entzun dute Martxanterak taldearen izena eta ezagutu dute bere jarduera. Hala, Eginok dioenez, urtarrilean egin zuten autodefentsa feminista ikastaroak 20 lagunendako lekua zuen, baina 40 lagunek eman zuten izena, eta bigarren talde bat sortu behar izan zuten. Bestalde, "jende dezentek adierazi" die "laguntzeko" borondatea Martxanterei.
Independentzia eta emakumea
Martxoaren 2an eta 3an, areto bizikleta ikastaroetan emakumeek egindako eta emakumeen aldarrikapen abestiekin egindako saioak izango dira; eta 2tik 8ra bitartean, kiroldegian antolatutako ekintzen partaidetzaren inguruko informazio-panelen erakusketa izango da: sexuka antolatutako partaidetzaren datuak, grafikak... Bi horiek Agorrosin Ekintza Gunean izango dira. Udalak antolatu du.
Gure Esku Dago lantaldeak hitzaldia antolatu du, hauxe: Eskoziako herrialdeak erabakitzeko eskubidearen eta independentziaren inguruan bizitako prozesua emakumeen aldetik. Aberdeen hiriko Women For Independence taldeko kide Gillian Martin-ek egingo du berbaldia. Martxoaren 3an, martitzena, izango da hori, Irizar Jauregian, 19:30ean.
Martxoaren 6an, egubakoitza, Ez da kasualitatea bertso-saio musikatua izango da, Zabalotegi aretoan, 20:00etan. Ekintza hori Udalak antolatu du. Eta hilaren 13an, Ainhoa Agirreazaldegik berbaldia egingo du: Bertsolaritza, ikuspegi feminista bat du izenburua. Irizar Jauregian izango da, 18:00etan. Jardunek antolatu du hitzaldi hori.