"Elkartetik oso balorazio positiboa egiten dugu, murgilduta gauden krisi garai hauetan 1.000 kilo gehiago jasotzea oso albiste pozgarria da", dio Bubisher elkarteko kide Bibi Anduezak.
Lekaleak eta arroza
Batutako bost tona horietatik bi arroza eta lekaleak dira. Janariak, orain, bi hilabete luzeko bidea egingo du. "Alacanteraino kamioian eroango dute janaria, han itsasontzi batean sartu eta Oranera iritsiko da. Aljeria osoa kamioiz zeharkatu eta gero iritsiko da janaria kanpamentuetara", argitu du Anduezak.
Bubisher elkarteko kideak argi dauka herri sahararrak jasaten duen "muturreko egoera" arintzeko edozein esfortzuk balio handia duela.
Horregatik, Bubisher elkarteak eskerrak eman nahi dizkie hori ahalbidetzeko parte hartu duten guztiei: Bergarako eta Antzuolako udalei; Antzuolako, Bergarako, Elgetako eta Soraluzeko Lehen Hezkuntzako ikastetxeei; Aranzadi Ikastolari; Mariaren Lagundia Ikastolari; Ipintzako eta Soraluzeko institutuei; janari-dendei; Komite Internazionalistari; Antzuolako Anelkar elkarteari; Embalan 3 enpresari; eta DHL garraio enpresari.