1969ko otsailaren 12an hil zen Simon Arrieta margolari bergararra. Otsailaren 8an, iluntzean lagunekin egon ostean, gauean egingo zen kontzertura arte agurtu eta etxera joan zen afaltzera. Baina ez zuen kontzertura joaterik izan. Izan ere, ondoezik sentitu zen, Bilbora eroan zuten eta handik egun gutxira zendu zen.
Entzun ezin izan zuen kontzertu hura aitzakia moduan hartuta, eta margolariaren jaiotzaren mendeurrena ere astean izan denez, atzo Bergaran egin zuten Aratusteetako kontzertuaren hasieran omenaldia egin zioten. Bide batez, baita haren familiari ere.
Aurkezpen lanetan ibili zen Migel Anjel Elkoroberezibarrez gain, Jaione Isazelai Bergarako alkateak eta Bearteko presidente Juanjo Altunak hartu zuten parte ekitaldian. Hala, Arrietaren familiako bi belaunalditako ordezkarik, hau da, Aurelio Arrieta semeak eta Lierni Muñoz ilobak, oroigarri bana jaso zuten. Mendeurrenerako prestatutako kartela izan zen jaso zuten oparia: bertan, Toribio Jauregik 1944an Simon Arrietari atera zion argazkia agertzen da.