Badator mozorroen kolore dantza alaia

Imanol Gallego 2015ko ots. 13a, 09:57

Iazko Aratuste kontzertua.

Euskal Herriko herri askotan bezala, Bergaran ere Aratusteak gogoz ospatuko dituzte. Hausterre-eguna iritsi arte Inauterietako pertsonaiak kalera irtengo dira, jendea izutzeko edo espiritu txarrak erretzeko.

Egubakoitz klasikoa

Mariaren Lagundiko eta Aranzadi Ikastolako gazteak, euren mozorroekin, kaleak girotzera eta egunari kolore jartzera irtengo dira gaur, 15:00etan.

Koloreak, baina, erritmoaren beharra du, eta hori Aratusteetako kontzertuak jarriko dio. Udal Pilotalekua kabaret bihurtuko da. Bandako eta orkestrako kideek aktoreen laguntza izango dute. Jendeari mozorrotuta joateko gonbita egin die Alfredo Gonzalez Chirlaque zuzendariak. "Publikoa girotu nahi dugu, horregatik joko ditugu Fumando espero eta halako abesti ezagunak", dio Gonzalez Chirlaquek. Oraindik sarrera gutxi batzuk gelditzen dira. Aldez aurretik kultura etxean saltzen ez badira, 21:30ean salgai jarriko dituzte pilotalekuko txarteldegian.

Astelehenean bete zen Simon Arrietaren mendeurren data zehatza, eta kontzertuan margolari ezagunak bere tokia izango du. Duela 46 urte Aratusteetako kontzerturako prestatzen ari zela gaizki sentitu, eta egun batzuetara hil zen; horregatik omenduko dute Arrieta gaur.

Zapatua kalean

Mozorro bazkaria bertan behera geratu den arren, festak bere horretan jarraituko du. Etxeko txikiek 15:30ean eta 18:00etan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken abenturarekin gogotik disfrutatuko dute. Azken orduan ibiliko diren horiek kultura etxean eros ditzakete azken sarrerak. Zapatuan bi saioetarako sarreraren bat geldituz gero, 14:30ean salgai jarriko dituzte frontoian.  
18:30ean herriko erraldoi, kiliki eta buruhandiekin batera mozorro desfilearen unea izango da. Egunak gauari tokia uzten dion bitartean, 21:00etan DJ Makalak girotuko du festa.

22:30etan Emon taldea igoko da San Martin plazako oholtzara. Disko berria dute Emonekoek, Sua, eta sekulako musika festarekin gura dute aurkeztu jaioterrian. Ez dira eurak bakarrik igoko oholtzara: lagun izango dituzte Esne Beltzako Xabi Solano, Selektah Kolektibokoak, DJ Makala, Aitzol Gandiaga eta Lurra taldeko Ane Gartzia. 23:30etik aurrera DJ Makala bueltatuko da plazako oholtzara.

Zapatua luzatu nahi duten gautxoriek kartzela zaharrean aukera bikaina izango dute: gauerditik aurrera, DJ Vizcainok girotuko du gaztetxea.

Martitzen indartua

15:00etan San Martin Agirre eskolakoen desfilearekin hasiko da festa. Haien ostean, musika eskolako Gazte Bandak kalejira egingo du erdigunean. Ondoren (18:30), estreinakoz egingo den batukada herrikoiaren txanda iritsiko da.

Gazte zein nagusiek Aratusteetako azken orduei erritmoa jarri eta gero, 19:30ean Amaia DJren txanda izango da. Hark erritmo dantzagarrienekin San Martin plaza alaituko du. Haren ostean, Aratusteek kapa grisa jantzi, eta garizumaren txanda iritsiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak