Simon Arrietaren mendeurrena

Eneko Azkarate 2015ko ots. 9a, 06:50
Simon Arrieta estudioan pintatzen.

Gaur, otsailak 9, dira 100 urte jaio zela Simon Arrieta bergarar artista (Bergara, 1915-02-09 / Bilbo, 1969-02-12). Hori dela-eta, urtean zehar hainbat ekitaldi antolatu dituzte Bergaran, Donostian eta Baionan. Besteak beste, Koldo Mitxelenan egingo den erakusketa.

Bergarako Artisten Elkarteak (Beart), Bergarako Udalarekin eta Migel Angel Elkoroberezibar tokiko ikertzailearekin lankidetzan, lau ildo nagusiren inguruan egituratu dituzte ekintzak:

  • Simon Arrietaren obraren inbentarioa sarean.
  • Erakusketak Bergaran, Donostian eta Baionan.
  • Liburu antologikoa.
  • Zabalkundea eta ekitaldi osagarriak.

Lanen inbentarioa

Simon Arrietaren pintura lanen inbentarioa egingo da. Lan bakoitzeko fitxa teknikoa osatuko da, eta horietan lanaren oinarrizko ezaugarriak, xehetasunak eta argazkia jasoko dira. Bilduriko datu eta argazkiei ahalik eta zabalkunde handiena eman nahirik, datu base bat eskaini zaio Bergarako Udalari bere webgunean argitara dezan.

Datu base hau zabalik egongo da gerora ager litezkeen lanak bertan jaso ahal izateko; era berean, datu base hau beste artista batzuen lanak katalogatzeko erabili ahal izango da, era horretara agerian utzirik Simon Arrietaren ondarearen garrantzia.

Erakusketak Donostian, Baionan eta Bergaran

Bi erakusketa antologiko egingo dira Simon Arrietaren lan adierazgarrienekin:

  • Lehenengoa Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan. Urriaren 8tik azaroaren 14ra.
  • Bigarrena, berriz, Bergarako Aroztegi aretoan, azaroaren 20tik abenduaren 20ra, Simon Arrieta jaio zeneko mendeurrenaren ospakuntza ekitaldi guztien amaiera gisa.

Horiez gain, Bergarako artisten erakusketak programatu dira Bergaran eta Baionan.

Liburu antologikoa

Miguel Angel Elkoroberezibar bergarar ikertzailea izango da liburuaren egilea. Irailean argitaratzekoa da eta oinarrizko bost atal izango ditu: 

  • Simon Arrietaren biografia familia, lagun eta laguntzaileen lekukotasunekin eta garaiko prentsaren aipamenekin eta argazkiekin.
  • Kronologia artistikoa.
  • Arte kritikarien iruzkinak.
  • Lan adierazgarrienen argazkiak dagozkien datu teknikoekin.
  • Bibliografia.
  • Ekitaldi osagarriak.

Urte osoko egutegia

Otsaila

  • Simon Arrieta jaio zeneko mendeurrena: 1915eko otsailaren 9a.
  • Aratusteetako kontzertua Simon Arrietaren omenez, Bergarako Udal Musika Bandaren eta Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Entzun gabeko kontzertua. Otsailaren 13an, 22:30ean, Bergarako Udal Pilotalekuan.

Martxoa

  • Lehenengo margolan-foruma. Iruzkindu beharreko lana Katxutxo (1940) izango da. Bergarako Udaletxeko areto nagusian. Bergarako Udaletxean dauden lanetan zehar ibilbide bat egiteko baliatuko da. Bingen de Pedro bergarar margolaria izango da moderatzailea. Otsailaren 7an (ordua zehazteko).
  • Simon Arrietaren ikasle izandako margolarien erakusketa Bergarako Laboratorium Museoko aretoan.

Apirila

  • Simon Arrietaren lanen on line katalogazioa jendearen esku jarriko da Udalaren webgunean.
  • Kultura trukea Baionarekin. Baionako Des Corsaires taldearen erakusketa Bergarako Aroztegi aretoan. Inaugurazioa 30ean eta amaiera maiatzaren 17an.

Maiatza

  • Bigarren margolan-foruma Bergaran egitekoa, Migel Altuna LH Institutuan, Simon Arrietarekin estuki loturiko ikastetxean.

Ekaina

  • Kultura trukea Baionarekin, Beart taldearen erakusketa Baionako Des Corsaires galerian.
  • Haurren pintura lehiaketa Simon Arrieta gaiari buruz.

Abuztua

  • Hirugarren margolan-foruma, Donostian egitekoa, San Telmo Museoan, abuztuaren 2an, 12:00etan. El picador (1953) izango da iruzkindu beharreko lana. Museoaren lagunek antolaturiko Hilabeteko lana izenekoaren barnean kokatzen da. Moderatzailea: Miguel Angel Elkoroberezibar bergarar ikertzailea izango.

Iraila

  • Simon Arrietaren bizitzari buruzko liburua argitaratzea. Liburuaren aurkezpena Bergarako Udaletxean, San Martin jaien barruan.
  • Bergarako aire zabaleko pinturaren XL. Lehiaketa, Simon Arrieta izeneko sari berezia izango du eta etorkizunean Simon Arrieta pintura lehiaketa izena hartuko du. Irailaren 13an egitekoa.
  • Simon Arrietaren bizitza eta lanei buruzko kultura topaketa Donostian.

Urria

  • Simon Arrietaren Erakusketa Antologikoa Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan. Inaugurazioa urriaren 8an eta amaiera azaroaren 14an.

Azaroa

  • Simon Arrietaren Erakusketa Antologikoa Bergarako Aroztegi Aretoan. Inaugurazioa azaroaren 20an eta amaiera abenduaren 20an.
  • Laugarren margolan-foruma.

Abendua

  • Simon Arrietaren omenez Beart (Bergarako Arte Elkartea) kolektiboak antolaturiko II. Erakusketa Bergarako Aroztegi aretoan, mendeurreneko ekitaldien amaiera gisa. Inaugurazioa abenduaren 24an, 19:00etan, eta amaiera 2016ko urtarrilaren 10ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak