Bergarako Orfeoiaren ahotsek handitu dute Händelen partitura

San Pedro parrokiako kontzertua.

Händel ez da konposatzaile erraza, eta konplexua bezain ezaguna den Mesias abesbatza batentzako erronka polita da. Bergarako Orfeoiak ez zuen hutsik egin, eta Aitor Biainen zuzendaritzapean, eta ganbera orkestraren laguntzarekin, emanaldi borobila eskaini zuten zapatuan. Kontzertuaren irabaziak gainera, San Pedro parrokiako Stoltz-Frères organoaren konponketa lanetarako bideratuko dituzte. ARGAZKIAK

Mesias elizako musika obra ezagunenetakoa, eta zapatuan, Bergarako Orfeoiak eta emanaldirako sortutako ganbera orkestrak konposatzaile alemaniarraren partitura are handiago egin zuten. Jendeak gogoz hartu zuen Orfeoiaren gonbita, eta San Pedro ia goraino bete zen.

Kanpai hotsak entzun eta gero, aldaren nagusiko eskailerak Orfeoiko kidez bete ziren, eta hauen azpian orkestra. Bianek batuta altxatu eta lehen akordeen oihartzunak parrokia bera handitu zuten. Ordu eta erdian, musikari eta abeslariek oso konplexua den partitura ongi baino hobeto interpretatu zuten, "gu pozik gaude eta uste dut jendeak disfrutatu egin duela", dio Orfeoioko kide Karlos Etxanizek.

Jendeak arretaz jarraitu zuen emanaldia eta Händelek idatzitako ahots eta nota baino ez ziren entzuten. Zenbait zatitan gainera, Nere Ibarra sopranoa, Oihana Diaz kontraltoa, Gorka Unamuno tenorea eta Karlos Etxaniz baxua bakarlari bezala aritu ziren. 

Stoltz-Frères organoaren alde

Kontzertuak gainera helburu solidarioa izan zuen, sarreren salmentatik lortutako irabaziak parrokiako organoa konpontzeko izango baitira. "Ederra da herriko taldeek altxor hau konpontzeko egiten ari diren ekitaldiak", esan du kultura zinegotzi Leire Iruinek.

Jendearen prestutasun eta txaloak eskertzeko, Orfeoi eta orkestrak Aleluia eskaini zuten berriro. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.