Pozik agertu dira Bergarako Gure Esku Dago taldeko kideak gaurko aurkezpenak herritarrengandik jaso duen erantzunarekin. Gaurkorako, besteak beste, Beart taldekoek bi oihal zati margotu dituzte, beste 20 zatitan banatutakoa bakoitza. Datozen hilabeteetako ekimena izango dena irudikatu dute horrela.
Erabakia ehuntzen ekimenak oihalak erabiliko ditu erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimenduak batzeko. Oihal unitate bakoitzean 20 lagun atxikituko dira –euro bat jarri eta saretze txartela beteta–, eta unitate horiek elkarri josiko dizkiote gero, apirilaren 25ean Bergaran –beste herrietan bezala–, eta ekainaren 20an hiriburuetan, hautestontzi erraldoia sortuz.
Herritarrek izango dute Bergaran ere euren oihal zatia eskuratzeko aukera; eguen arratsalde-iluntze partean eta zapatu goiz-eguerdian jarriko dute mahaia Irala kalean. Internetez ere eman ahal izango da atxikimendua, eta, horrez gain, tutorearen figura ere sortu dute ekimen honetarako. Tutoreen ardura izango da bere ingurukoen atxikimenduak jasotzea, futbol taldeko kide bat bada, bere taldekideena jasotzea, adibidez.
'Jostunak' dokumentala, martitzenean
19:30etik aurrera eta Zabalotegin egongo da, hilaren 10ean, Jostunak dokumentala ikusteko aukera. Dokumentalak jasotzen du iazko ekainaren 8ko giza katera bitartean egindako bidea, eta baita erabakitzeko eskubidearen inguruko hainbat lagunen hausnarketak ere.