Institutuko gela bat, ikasle mordoa eta eskola gabeko ordu bat. Hori da Hora libre antzezlanaren abiapuntua. Hortik aurrera musika, familia, drogak, bikote erlazioak... Institutuko irakasleak antzezlana duela 20 urte idatzi bazuen ere, egun puri-purian dauden gaiak jorratzen dituen lana egin zuen, "testuingurura moldatzeko aldaketa batzuk egin dizkiogu, dantzak adibidez ez zeuden jatorrizko bertsioan" esan du Pello Lezertua egileak.
Ipintzako antzerki taldeko kideek urrian ekin zieten entseguei, eta ohiko klasetatik kanpo egin dituzte saio guztiak. "Nire asmoa antzerkizaletasuna piztea da", dio Lezertua irakasleak. Eta atzo Ipintzako aretoan batu zen jendea ikusita, argi dago helburua lortu duela.
Egindako esfortzuaren ordainetan gainera, sarrerekin batutako diruarekin afaria egingo dute.