Gauzak horrela, gaztetxeko hilabete musikatua gaur, egubakoitza, hasiko dute. Hasieran Solos en el Bosque taldea etortzekoa zen arren, agenda arazoak direla-eta gaur gaueko emanaldiak aldaketa txiki bat izango du: Zaragozako taldearen lekua Lokuria! taldeak beteko du, eta, ondoren, One For Apocalipse taldeak hartuko du lekukoa gaztetxean, 22:00etan.
Ez da erraza Asturiasko One For Apocalypse taldearen musika estiloa definitzea, Mieresko hirukoteak, besteak beste, rocka, punka eta hardcorea nahasten ditu-eta. Horra hor, bada, sei euroren truke bi talde horien musikarekin zuzenean gozatzeko aukera.
Datorren asteari begira, sekretupean gordetzen dute Aratusteetako kartela gaztetxekoek, baina, dudarik gabe, egun eta gau bereziak izango dira. Egun horietan gaztetxea, mozorroz ez ezik, kolorez, doinuz eta sorpresaz beteko dute.
Laugarren Tapoi Festa
Mozorroen ostean, bizkor errotu den jaialdia egingo dute: Tapoi Festa. Aurten ere, maila eta dezibelio guztiak hausteko prest daude. Martxoaren 27an eta 28an, orain arte bezala, hardcore estiloko taldeek beteko dute bi egunetako kartela; besteak beste, Meltdown, Hilkar eta Perras Salvajes taldeak izango dira gaztetxean.
Egun bakoitzak bere txartela izango du: egubakoitzekoak 4 euro balioko du eta zapatukoak, berriz, 5 euro. Musika jaialdi horretaz gozatu eta garuna astindu nahi duten horiek, komeni tapoiak eskura izatea.