Governors: DVDan bilduko dute zuzeneko "ikusgarria"

Maialen Torres 2015ko urt. 23a, 10:15

Zaleekin batera gozatzeko moduko kontzertua antolatu du Governors taldeak hilaren 31rako. Euren biretan egindakoaren ildotik, musikaz gain ikuskizuna ere izango dela ziurtatu du Juan Sangre abeslariak. "Ikusgarria izan dadin saiatuko gara, jendea ez da aspertuko", esan du.

Hain zuzen, zaleei ahotsa eman nahi izan diete, Facebook bidez zein abesti entzun nahi dituzten galdetuta. 80 bat proposamen jaso dituzte, eta Sangre-k esan du Vertigo, Galdutako laztanak eta Harrien arteko lokatza izan direla, besteak beste, bozkatuenak, eta ziur joko dituztela.

Kontzertua eta ikuskizuna

"Hiru aste daramatzagu guztia prestatzen. Gogotsu eta baikor gaude, baina baita urduri ere", dio Sangre-k. Izan ere, abeslariak esan duenez, datorren zapatuan Bilbon egingo duten ikuskizuna "bakarra" izango da, eta jendeak Governorsen kontzertu batean berriro "sekula ikusiko ez dituen gauzak" izango dira han. 20:30ean irekiko dituzte ateak, eta DJ Elepunto izango da giroa berotzen. Horren ondoren, 21:30ean puntuan ekingo diote kontzertuari, ordutegia "oso zorrotza" da-eta. Horregatik, ordua zaintzeko gomendioa egin diete zaleei.

Kontzertuan ez dira oholtza gainean bakarrik izango, eta, besteak beste, Zuriñe Hidalgo, Aitor Antruejo eta Naroa Gaintza izango dituzte eurekin. Sangre-k azaldu duenez, ordea, beste kolaboratzaile batzuk ere izango dira, baina zehazteke daude oraindik.

Santana27 aretoan 1.500 pertsona sartzen dira, baina Sangre-k onartu du Governors ez dela halako jendetzak mugitzekoa. Dena den, jende gutxiagorekin ere giroa ona izango dela esan du, prestatu duten muntaiak horretarako bidea emango duelako. "Jendea gure oso gainean egongo da", azaldu du.

Hartze bakarrean eta zuzenean egingo dute grabaketa, eta Arteman enpresa arduratuko da horretaz, aurretik ere elkarlanean ibili izan dira-eta. "Zuzenekoaren arriskuak hor daude, baina horrek ere badu bere xarma", dio Sangre-k, eta gaineratu du: "Rockak beti dauka arrisku puntu bat, eta hori da politena". Izan ere, uste du horrelako erronkek musikari bezala garatzen laguntzen diotela, eta horregatik erakartzen dute horrenbeste.

Irudien eta soinuaren nahasketa otsailaren amaierarako amaitzea espero dute, eta horren ostean kaleratuko dute DVDa.

Sarrerak eskuragarri

Kontzertu berezi hori zuzenean ikusi nahi duenak dagoeneko eros dezake sarrera, Codetickets.com webgunean, lau eurotan. Egunean bertan ere jarriko dituzte salgai leihatilan. Dena den, oraindik bada debalde eskuratzeko aukera, taldearen Facebook orrian kontzertuan entzun nahi diren kantuen eskaera eginda, hainbat sarreraren zozketan parte hartu daiteke-eta.

Ondoren, atsedena

DVDa aurkezteko bira gehienez urrira arte izatea espero dute; eta, ondoren, 2017ra arte ez dute kontzerturik eskainiko. Izan ere, konposatzeko tartea hartzeko asmoa dute. "Ez dugu gelditzeko asmorik, baina bai etapa berri bati ekitekoa. Atsedenaren ostean, material berriarekin itzuliko gara", esan du Sangre-k.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak