Markel Olano: "Ezker abertzalea ez da gai izan Gipuzkoako ekonomia kudeatzeko"

Bergaran egin du jardunaldia gaur goizean Gipuzkoako EAJk. Bertan izan dira Gipuzkoako diputatu nagusigai Markel Olano, Eider Mendoza eta Imanol Lasa Batzar Nagusietarako hautagaiak eta Debagoieneko alkategaiak; Bergarako Juan Jesus Alberdi, Arrrasateko Maria Ubarretxena, Oñatiko Miren Elgarresta, Aretxabaletako Unai Elkoro eta Eskoriatzako Joxe Ramon Zubizarreta. Lan jardunaldian hausnartu dute Gipuzkoako eta bereziki Debagoieneko ekonomiaren egoeraz.

Jardunaldiari hasiera emateko Migel Lazpiurrek, Lazpiur enpresako buruak Debagoieneko ekonomiaren gaineko hausnarketa egin du. Bergararrak adierazi du gizarte politikarik onena dela industria martxan ipintzea. Gaineratu du faltan botatzen dela "arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlanean oinarritutako industria politika". Ez hori bakarrik, esan baitu, "enpresak nazioartera ateratzeko laguntzak falta" direla eta oso garrantzitsuak direla horiek krisiari aurre egiteko.

Lazpiurren hitzaldiaren ondoren etorri da Debagoieneko EAJko alkategaien txanda. Bergarako, Arrasateko, Oñatiko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako hautagaiek berba egin dute eta norbere herriaren egoeraren gaineko gogoeta egin dute. Denek bat egin dute "egoera oso larria" dela adieraztean; jeltzaleen esanetan eskualdean sortu eta garatutako hainbat enpresa itxi egin dira; "erreferente izan diren hainbat enpresa". Horren aurrean, adierazi dute, ezinbestekoa dela "industria bultzatzea" eta "arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlana".

"Debagoiena erreferente"

Jardunaldiaren ostean prentsaurrekoa egin dute jeltzaleek eta bertan, EAJren diputatu nagusigai Markel Olanok adierazi du, Gipuzkoa lurralde industriala dela eta "Debagoiena dela erreferente". Eta erantsi du: "Enpresek gizartean funtzio garrantzitsua dute eta hori da herritarren aurrean babestu behar duguna. Enpresek Gipuzkoako enpleguaren %85 sortzen dute eta beraz, enpresek aberastasuna sortzen dute Gipuzkoan, hain zuzen ere, ondoren ahalik eta modu orekatuenean banatu behar den aberastasuna".

"Elkarlana enplegua sortzeko"

Bestalde, ezker abertzalearen kudeaketaz ere aritu da Olano. Haren esanetan, "ezker abertzaleak aurreiritzi ideologiko handiak ditu eta ondorioz enpresekin ez du ia harremanik eta hori oso larria da". Era berean, EAJko diputatu nagusigaiak adierazi du EAJk elkarlana sustatu behar dela enpresa berriak eta enplegua sortzeko eta honakoa salatu du: "Ezker abertzaleak erakutsi du enpresatik oso urrun dagoela eta ez dela gai izan Gipuzkoako ekonomia kudeatzeko".

EAJren eredua

Olanok agerraldia bukatu du honako adierazpenekin: "Gipuzkoan bi eredu daude eta EAJren eredua da gipuzkoarron benetako izaera babesten duena. Hori da babestuko dugun eta etorkizunean bultzatuko dugun eredua Gipuzkoan".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.