Begoña Otsoa-Aizpurua San Martin Agirre herri eskolako zuzendariak izan du inaugurazioa gidatzeko ardura. Eskerrak eman dizkie hara joan diren ikasle, guraso eta elkarte ezberdinetako arduradunei; eta, baita, inaugurazio ekitaldian parte hartu duten gonbidatuei ere.
Autoritateen hitzak
Aurreskua dantzatu dute lehenengo dantzari gaztetxoek, eta ondoren autoritateen txanda izan da. Gipuzkoako guraso elkarteen federazioko Usoa Urbietak, Euskal Herriko ikastetxe publikoen elkarteko Sabina Lopezek, Kalitatea Hezkuntzan elkarteko Josu Etxaburuk, Udal Gobernuko zinegotzi Maren Belastegik eta Hezkuntza Sailburu Cristina Uriartek hartu dute hitza. San Martin Agirre eskolan egindako lana goraipatu dute guztiek, eta eskerrak eman dizkiete, batez ere proiektuan sinistu duten gurasoei.
Ondoren, horma apurtzea egin dute eskolako lau haurrek. Modu horretan, inauguratuta geratu da herri eskolako eraikin berria.
Hiru gune ditu eraikinak
Eraikin berriak 2, 3, 4 eta 5 urte bitarteko umeak hartuko ditu, guztira, 200 inguru. Eraikinak hiru gune ditu: lehenengo gunean 2 urteko umeak daude; bigarren gunean, 3, 4 eta 5 urte bitartekoak; eta, hirugarren gunean gimnasioa dago. Horrez gain, liburutegia, tailerren gela, musika gela, psikomotrizitate gela eta jangela ere badago eraikin berrian.
2 urteko haurrak iazko ikasturtetik daude eraikin berrian; beste guztiak, aldiz, aurtengo ikasturtean joan dira eraikin berrira.