Horrela hasten da gobernu taldeak pintaden inguruan egin duen adierazpen instituzionala. Herritarrei gogoratu diete ideiak nahiz sentimenduak errespetuz eta inori kalterik egin gabe adierazteko badirela beste hainbat modu, kanal eta euskarri.
Udal Gobernuak azaldu du bakea lortzeko aldarriarekin eta giza eskubideen errespetuarekin bat egiten duela. Horren haritik, euskal presoen eta bereziki gaixoekin Espainiako gobernuak daraman "politika suntsitzaileak" bake prozesuari kalte besterik ez diola egiten salatu dute. Eta gehitu dute: "Bide honek talka egiten du euskal herritarren gehiengoak sustatu nahi duen ibilbidearekin".
Gobernuak elkartasuna adierazi nahi die Euskal Herritik urrun dauden preso eta iheslariei. Baita "politika errepresibo honen biktima izan den Josu Uribetxeberriaren senide eta lagunei".
Udaletik adierazi dute ez datozela bat pintada batzuetan egiten den gorazarrearekin: "Horrelako adierazpenek kalte egiten diote egun herritarren gehiengo zabalak indartu nahi duen lan ildoari, eta, aldiz, mesede, bake prozesuari etengabe trabak jartzen dizkiotenei.".
Orain arte agertu diren pintadekin egin duen moduan, Udalak eraikin publiko eta monumentaletan dauden pintadak kendu egingo ditu.
Pintaden egileei isunak?
Herrian agertu diren pintadak baloratu ditu Bergara Garbiak. Euren ustez, onartezinak dira, eta galdetzen dute: "Pintaden egileek ez dute isunik jaso behar?". Plataformaren ustez, EH Bilduk ez ditu "bereak" zigortuko.
Bosgarren edukiontziaren aldeko plataformaren prentsa oharra ez da pintadetara mugatzen, eta EH Bilduk hondakinen kudeaketarekin "inposatu eta zigortu" besterik ez duela egin diote.
Euren ustez, jendeak ez badu bilketa sistema errespetatzen, gobernu taldeak hezkuntza eta adostasunerantz egin beharrean "inposizioaren bidea" hartu duelako da. Bergara Garbiaren ustez, kontsultan ateratako sistema martxan jarriz konponduko litzateke arazo hori.