Zer ikus daiteke 2014. urte amaieran aurkeztu zenuten memorian?
Joan den urtean Udalak martxan jarri dituen proiektuak ageri dira. Asko amaituta dauden lanak izan arren, zenbaitetan, esleipena baino ez dago eginda, eta horrela adierazi gura izan dugu. Dena den, proiektu guztien diru partidak ere bideratuta dute. Jendeak modu errazagoan kontsultatu ahal izateko, gainera, arloka banatu ditugu. Memoria asko egiten dira, baina guk herritarrek erraz ulertzeko moduko memoria bat egin dugu. Udal webgunean, memoria horretako puntu guztiak oso modu bisualean mapa baten gainean kontsulta daitezke.
Arlo guztiek dute garrantzia, baina proiektu izarrak ere nabarmendu dituzue.
Maila edo multzo horretan, hauteskunde-programan hartutako konpromisoak eta herritarrekin bileretan adostu ditugun proiektu esanguratsuenak sartu ditugu.
Memorian, gainera, hain erraz ikusten ez diren zenbait proiektu ere garatu dituzue.
Tokiko garapen arloan, adibidez, Mekolalden irisgarritasuna bermatzeko lanak markatu ditugu. Industrialdearen garapenarekin lotura duen proiektua da hau. Udalaren barne antolaketa ere aldatu dugu. Prozesuetan oinarritutako antolaketa bat bultzatzen ari gara, eta herritarrek ikusi ez arren, onura handiak ekarriko ditu. Laster, tramite asko Internet bidez egin ahalko dira.
Hau azken memoria izango da?
Datozen hilabeteetan memoria osatuko dugu. Gure asmoa da etorkizunean ere horrelako memoriak bultzatzea.