Bizikidetza hobetzeko kanpaina jarri dute abian Agorrosinen

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko urt. 16a, 10:56

Bizikidetza hobetzeko kanpaina egin dute azken asteotan Agorrosingo kiroldegian. Abendu erdialdean hasi zuten kanpaina kirol instalazioko langile eta arduradunek. Kanpaina honen bitartez erabiltzaileei gogorarazi nahi izan diete guztien ardura dela portaera egokia izatea eta arauak errespetatzea.

Agorrosingo instalazioetara jende asko joaten da egunero. Hori ikusita, kirol arduradunek uste dute gero eta garrantzitsuagoa dela portaera egokia izatea guztien arteko bizikidetza egokia izan dadin.

Erabiltzaileak ere kexu

"Baztertu beharreko hainbat jarrera antzeman ditugu", azaldu du Iñaki Ugarteburuk, Bergarako Udal Kirol teknikariak. Antzeman dituzten jarrera horiek Agorrosingo langileek eta arduradunek bakarrik ez, erabiltzaileek eurek ere antzeman dituztela azaldu du: "Kasu batzuetan erabiltzaileak eurak izan dira jarrera horiekin konturatu direnak eta kexatu direnak". Jarrera horiek askotarikoak izan daitezke: adibidez, baztertu beharreko jarrera bat da sorosle eta langileek emandako gomendioei kasurik ez egitea; baita fitness gimnasioko materiala jaso gabe lagatzea ere. Bada, emandako gomendioei kasu egitea da langile eta arduradunek eskatzen dutena. Igerilekura sartu aurretik ez dutxatzea, spako bainuontzian kapela ez janztea, bakoitzari dagokion aldagela ez erabiltzea eta itxiera ordua ez errespetatzea ere baztertu beharreko jarreren artean antzeman dute. Aurrerantzean, arauak errespetatzen ez dituztenei arautegia zorrotz aplikatuko zaie, zigor espedienteak zabalduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak