Simon Arrietaren aztarna erakutsiko du Beartek

Imanol Gallego 2015ko urt. 16a, 10:56
Bearteko kideak erakusketa muntatzen.

Simon Arrietaren mendeurrenari hasiera emateko, Beart elkarteak Gabonetako erakusketa kolektiboa urtarrilera pasa du. “Herrikidea omentzeko hasiera ekitaldia izango da hau”, esan du Bearteko lehendakari Juanjo Altunak. Ateak gaur zabalduko dituen mostra margolariak landatu zuen hazi horren ondorio garbia da. "Arrieta maisua izan zen", dio Altunak.  

Arrietaren hazia bizkor ernaldu zen, eta, hein handi batean, herrian horrenbeste margolari badago, haren erruz da: "Egun, zuhaitz mardul bat da". Eta haren azpian, margolari bakoitzak bere estiloa garatzeko aukera izan du.  

Aroztegin 40 bat erakutsiko dituzte, eta, gehienak olio eta akuarelak diren arren, estilo eta formatuak zeharo desberdinak dira. Otsailaren 2ra arte guztiez gozatzeko aukera egongo da Barrenkaleko aretoan.

Hurrengo erronkak

Mendeurren berezi honetan, Beart elkartearen lana ez da margo mostra horretara mugatuko. "Hasi gara inbentarioa osatzen joateko lan ugari jasotzen", aipatu du Altunak. Eta onartzen du koadroen identifikazioa “martxa onean” doala. Horrez gain, irailean urtero antolatzen den aire zabaleko pintura lehiaketak herriko pintorearen izena eroango du, eta haren izena izango duen sari berezi bat emango da.

Askotan esan ohi da nor bere sorterrian profeta izatea ez dela lan erraza izaten, baina, kasu honetan, mendeurren honetako ekintzak eta parte-hartzaileak ikusita, argi dago Simon Arrietaren lan onena bere herrikideengan lagatako aztarna dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak