Bergarako pilotalekua goraino beteta, aspalditxoan ez bezala, eta giro bikaina harmailetan. Batzuk Aitor Mendizabal ikusteko gogoz eta beste asko Rezustarekin disfrutatzera joandakoak. Partida ikaragarria jokatu zuen Mendizabalek Ceciliorekin batera, eta aise hartu zituzten mendean Gorka eta Tolosa. 22 eta 11 bukatu zuten. Datorren astean, urtarrilaren 19an, Promozio txapelketa hasiko dute Tolosan, eta Mendizabal gogotsu dago duen guztia emateko.
Etxeko presioa ezin gainditu
Eskuz binakako txapelketa etorri zen gero eta etxeko pilotariak emateko zuena ikustera joan ziren asko. Horrek, baina, ezin izan zuen askorik eman. Urduri jardun zuen hasieratik, pilota asko galdu zituen, eta ezin izan zuen erakutsi bere ezkerkada.
Retegi Birekin zen jokatzekoa Rezusta, baina sukarrarekin jaiki zen atzo nafarra eta haren ordez, Aritz Lasa urretxuarra etorri zen. Urduri hasi zuen partidua Resuztak, lotuta, eta 5 eta 1 jarri ziren aurretik gorriak, Oinatz Bengoetxea eta Aretxabaleta. Eta aldea handitzen joan zen, 13 eta 6 lehengo, eta 17 eta 6. Izan ere, ezin gozatu zebilen Rezusta eta huts asko egiten. Gorriak, ostera, ondo, batez ere Aretxabaleta.
Bukaeran, Bengoetxea VI eta Aretxabaletak, 22 eta Aritz Lasak eta Rezustak, 8. Eta Bergarakoa burumakur, triste, eta eskuak minduta bukatu zuela argitu zuen. "Etxeko presioak" ere eragina izan zuela onartu zuen.