Proposamen interesgarriz beteta dator kultura agenda

Imanol Gallego 2015ko urt. 9a, 14:05

Zabalotegi aretoan egingo den Txio-txioka antzezlana.

Urtea umorez eta gogoz hasteko, ekitaldi interesgarriz betetako kultura gida aurkeztu du Udalak. Urteko lehen 31 egun hauetarako, adin tarte eta zaletasun askotariko pertsonak asetzeko moduko proposamen sorta antolatu dute.

Helduentzako proposamenak

Askotariko aukerak izango dituzte nagusiek. Martxanteren eskutik autodefentsa feminista ikastaroa egongo da. Ekintza lasaiagoak nahi dituztenek Baga, Biga, Higa: euskarazko musikaren transmisioa eta sustapena hitzaldia izango dute 29an; eta 30ean, Gozoa, gazia eta antsietatea hitzaldi makrobiotikoa. Zineak ere tartea izango du.

Gaztetxoek euren tokia

Gabonetako ekitaldi zerrenda luzea atzean utzi eta gero, haurrek urtarrilean zehar euren tokia izango dute. Bihar, Zabalotegi aretoan urteko lehen DJ jaialdia egingo dute, eta, Amaia DJren eskutik, erritmo dantzagarrienak entzun eta dantzatuko dituzte, 18:30ean hasita.

Hilaren 18an, Zabalotegik, dantzaleku izateari utzi, eta herriko Taun-Taun taldearen Txio-txioka antzezlana hartuko du. 18:00etan, txotxongiloen bidez fantasiaz beteriko istorio bat ezagutuko dute 4 eta 8 urte bitarteko umeek, eta sarrerak 4 euro balioko du.

Horrez gain, urtarrilaren 25ean, gaztetxoek lehenbizi Cómo entrenar a tu dragón 2 eta gero Guardianes de la galaxia filmak ikusteko aukera izango dute, biak Zabalotegi aretoan.

Eguraldiari aurre egin eta urtea kalean hasteko moduko hilabetea prestatu du Udaleko Kultura Sailak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak